Euspot sariak euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko banatzen dira. Aurten 8. edizioa betetzen dute, “Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!” lelopean. Parte-hartzaileek maiatzaren 15era bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, bost kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.
Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai: www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago atari horretan lor daiteke. Iazko edizioan 73 lan aurkeztu ziren.
Esan bezala, spotak nabarmendu beharko ditu jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak. Gizarte aktiboago bat sustatzea da helburua. Gehiago sakontzeko, ez da ezinbestekoa gimnasio batera joatea edo lehia-kirola egitea aktibo izateko. Egunean zehar egiten diren jarduera fisikoekin onura berberak lortzen dira. Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu.
Bost sari banatuko dira:
1.- Spotik onena: 1.000 euro
2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500 euro
3.- Publikoaren saria: 500 euro
4.- Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 euro
5.- BHklip saria (14-18 urte): 250 euro
Euskarak freskotasuna behar du
Aurkezpen ekitaldia atzo gertatu zen, eta hor izan ziren ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola eta Arteman Komunikazioa. Beraiekin batera izan dira Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko egitasmoko kideak, gaiari buruzko iritzia ematen eta ikus-entzunezko sormen lehiaketari babesa eskaintzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek esan zuen bezala, “oro har lehiaketara freskotasunez eta irudimenez betetako spotak aurkezten dituzte eta horixe da euskarak behar duena, espazio berriak bereganatzeko ideia berri, fresko eta erakargarriak”.
Deja un comentario