Abuztuaren 23, 24 eta 25ean, Euskaraz barra-barra egitasmoaren ‘17. logela’ ihes-gela Donostian izango da eta jada irekita dago jokoan parte hartzeko izen-ematea.
Abuztuaren 23an arratsaldez egongo da jokoan parte hartzeko aukera, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandean, berriz, goizez (10:00-13:00 bitartean) zein arratsaldez (17:00-20:00).
Hauek dira, hain justu,Donostian momentuz bete gabe dauden txandak (guztira 15):
Abuztuak 23, ostirala: 17:00/ 18:00/ 19:00
Abuztuak 24, larunbata: 10:00/ 11:00/ 12:00/ 13:00/ 17:00/ 18:00
Abuztuak 26, igandea: 10:00/ 13:00/ 17:00/ 18:00/ 19:00/ 20:00
Euskaraz barra-barraren webgunetik egin behar dute herritarrek erreserba, honako loturan: https://euskarazbarrabarra.eus/es/ihes-gela/#erreserba-egin
‘17. logela’ erakargarria
Euskara barra-barra egitasmoaren baitan sortutako ihes-gelaren helburua da aisia euskaraz gozatzea bermatuko duen formatu erakargarri bat eskaintzea.
Euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork parte har dezake ihes-gelan. Gehienez, 16 urtetik gorako 5 lagun onartuko dira taldeko eta horiek 40 bat minutu izango dituzte ihes-gelatik irteteko.
Ihes-gelak ‘17.logela’ du izena eta barnean gordetzen duen istorioa honela laburbildu daiteke: Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar eta,urteurren biribil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izara artean lo egiteko pribilegioa eskaintzeko.
Euskaraz barra-barra egitasmoa
Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak (merkataritza nahiz ostalaritza establezimenduak) identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskal hiztunen estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabaltzen ari den egitasmoa da.
Euskaraz norekin? Non? Noiz? Inoiz bere buruari galdera horiek egin dizionari marka berri honek bidea argitzen lagunduko dio; ikusten duen tokian, euskara erabiltzeko aukera bermatuko baitio.
Iaz Donostian eman zituen lehen urratsak proiektu honek eta ordudanik Euskal Herri osoko herri eta hirietara zabaltzen ari da.
Euskaraz Barra-Barraren koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Era berean, koordinazio mahaiaz gain, Euskal Herriko erakunde publiko zein pribatu ugarik, tokian tokiko euskara batzordeek eta hamaika boluntario eta entitatek ere osatzen dute egitasmoaren antolakuntza
Deja un comentario