Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2024-2025 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailetik aurrera hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.
Jon Insaustik, Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Jon Insaustik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.
Kanpainaren zabalkundea egiteko, aurten bi bideo egin dira:
– Alde batetik, Donostiako arraun taldeek bat egin dute kanpainarekin eta Donostiarra eta Arraun Lagunak traineruetako arraunlariekin bideo bat grabatu da sare sozialetan eta komunikabideetan zabaltzeko.
– Bestalde, BCBLeko bi ikertzailerekin beste bideo bat egin da kanpainaren hedapenerako. Euskara ikasi duten bi ikertzaile hauek, beren jarrera eredugarriarekin, euskara ikastera animatu nahi dituzte donostiarrak eta Donostian lan egiten dutenak.
Komunikabideetan eta hiriko beste zenbait euskarritan presentzia izango duen arren, kanpainari bultzada berezia emango zaio bi bideo hauen bitartez mundu digitalean, bereziki sare sozialetan: hizkuntzen arteko jokoaren bidez bi hizkuntzetako hiztunei erreferentzia egitearekin batera, #euskaldunízate traolarekin sarean kokatu nahi da kanpaina.
Eskaintza zabala eta behar guztietara egokitua
Ikastaro eskaintza zabala dute euskaltegi eta zentro homologatuek. Alde batetik, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen dituzte edozein herritarren beharretara egokitzen diren ordutegiekin: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik hasi eta eguneko 3 eta 5 orduko ikastaro intentsiboetaraino.
Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute euskaltegiek. Online ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.
IKASTARO ARRUNTAK | |||
Ikastaroak | Izena emateko epea eta lekua | Ikastaroaren hasiera data | Denbora / Prezioa |
Aurrez aurrekoak | Irailaren 1etik aurrera Donostiako edozein euskaltegi edo zentro homologatuan | Ikasturte osoan zehar eta/edo udan | Hainbat aukera / Prezioa aldatu egingo da aukeraren arabera (dirulaguntza Euskara Zerbitzuan eskatu behar da) |
Telematikoak | Irailaren 1etik aurrera Donostiako edozein euskaltegi edo zentro homologatuan | Ikasturte osoan zehar eta/edo udan | Hainbat aukera / Prezioa aldatu egingo da aukeraren arabera (dirulaguntza Euskara Zerbitzuan eskatu behar da) |
16-18 urtekoentzako C1 ikastaroak | Iraila Euskaltegian | Urrian | Gehienez 330 ordu/ 20 euro. |
Hasierako maila A1 | Iraila euskaltegian | Urrian | Gehienez 330 ordu/ ordua 0,6 euro. Ikasturtea amaitzean diruz lagun daiteke guztiz. |
Ikastaro horiez gain, gero eta jende gehiago matrikulatzen da xede berezia duten taldeentzako egokitutako ikastaroetan. Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira hauek eta euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dituzte:
XEDE BEREZIA DUTEN IKASTAROAK | |||
Ikastaroak | Izena emateko epea eta lekua | Ikastaroaren hasiera data | Denbora / Prezioa |
Merkatari eta ostalarientzako ikastaroak | Irailaren 2tik 30era Euskara Zerbitzuan, euskaltegian | Urrian hasiko dira | 60 ordu / 60 euro |
Langabeentzako euskara ikastaroak | Irailaren 2tik 20ra Euskara Zerbitzuan, euskaltegian | Urriaren 9tik abenduaren 5era, egunero 3 orduz | 120 ordu / Doan |
Gurasoentzako euskara ikastaroak | Izen ematea: iraila. Euskara Zerbitzuan, Ikastetxean, euskaltegian | Urrian | 60 ordu / 60 euro |
Erretiratuentzako euskara ikastaroak | Izen ematea: iraila. Euskara Zerbitzuan, Erretiratuen etxean, euskaltegian | Urrian | 60 ordu / 60 euro |
Etorkinentzako euskara ikastaroak, AISA ikastaroak | Izen ematea: euskaltegian edo Euskara Zerbitzuan | Urrian | 60 ordu / Doan |
16-18 urteko gazteei zuzendutako ikastaroa B2 maila arte | Izen ematea: Euskara Zerbitzuan, Ikastetxean Euskaltegian | Uda partean bereziki eta ikasturtean zehar | 60 ordu / Doan |
Donostiako Udalak 440.000 € bideratuko ditu euskara ikasteko dirulaguntzetara
Aurrekontuari dagokionez, 2024-2025 ikasturteko ikastaro arruntetarako 305.000 € bideratuko dira euskara ikasteko dirulaguntzetarako. Horrez gain, 135.000 euro bideratuko ditu Udalak aipatutako xede bereziko ikastaroak diruz laguntzeko.
Aurten azpimarratzekoa da, Eusko Jaurlaritzak, HABEk, hasierako mailan euskara ikasteko eman duen urratsa. Doakotasunaren bidean, hasierako mailan matrikulatzen direnek matrikularen zati txiki bat ordainduko beharko dute bakarrik (ordu bat 0,6 euro). Eta gainera, ikasturte amaieran dirua itzuliko zaie, baldin eta euskaltegiak A1 maila aitortzen badio eta asistentzia, gutxienez, %75ekoa izan bada.
Urrats hau beste mailetan ere doakotasunerantz emandako urratsak indartzera dator, izan ere, ikasleek ordaindutako matrikula arrunta berreskuratu dezakete baldin eta maila horiei dagokien gaitasuna eta egiaztapena lortzen badute.
2023-2024ko ikasturteari dagokionez, Donostian neguko ikastaro arruntetan aritu diren herritarren artean, 1.136 lagunek egin dute Euskara Zerbitzuan dirulaguntza jasotzeko eskaera. Udako ikastaroetan aritu direnentzat eskaera egiteko epea zabalik dago irailaren 13 arte eta orain arte 107 dira eskatzaileak. Azpimaila bat gainditu eta %75eko asistentzia izan dutenek jasoko dute dirulaguntza (aurreko urteetan eskaeren % 88 inguru). Dirulaguntza hauen ordainketa 2024ko udazkenean egingo da, behin HABEk bere deialdiari dagokion dirulaguntza ordainketa egin eta gero.
2024-2025 ikasturterako dirulaguntzak eskatzeko epea eta baldintzak
2024-2025 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko epea maiatzaren 31 arte luzatuko du. Ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik eskatu ahal izango dute dirulaguntza.
Dirulaguntza eskaera online egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan. Eta, era berean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza) ere eskatu ahal izango da.
Aurrez-aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ere maiatzaren 31n bukatuko da.
Dirulaguntza eskatzeko baldintzak ondokoak dira:
- Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea.
Dirulaguntza jasotzeko, berriz, baldintza hauek bete beharko dira:
- Euskaltegi edo bestelako zentro homologatu batean matrikulatzea.
- Eskabidea beteta ezarritako epean aurkeztea.
- Ikasturte amaieran, gutxienez, azpi-maila bat gainditzea.
- %75eko asistentzia egiaztatzea.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait dirulaguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten dirulaguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esate baterako), Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza ere eskatu ahal izango du, eta baita HABErena ere, betiere gainfinantzaketa ez dela izango ziurtatuta.
Deja un comentario