Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2021-2022 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.
Edurne Otamendik, Euskara Zerbitzuaren buruak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Edurne Otamendik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.
Egun bizitzen ari garen larrialdi egoerak areagotu egin du komunikazio digitalaren beharra, eta, horregatik, inoiz baino motibo gehiagorekin, kanpainari bultzada berezia emango zaio mundu digitalean, bereziki sare sozialetan: hizkuntzen arteko jokoaren bidez bi hizkuntzetako hiztunei erreferentzia egitearekin batera, #euskaldunízate traolarekin sarean kokatu nahi da kanpaina.
Eskaintza zabala eta egoera berrira egokitua
Aurreko ikasturtean egin zen bezala, Covid-19ak eragindako egoerak eskatuta, euskaltegi eta zentro homologatuetan emango diren aurrez-aurreko ikastaroetan, segurtasun-neurri guztiak bermatuko dira, eta taldeek ikasle-ratio txikiagoa izango dute. Era berean, ikastaro-aukera zabalagoa ere izango da: ohiko aurrez-aurrekoez gain, aurrez-aurreko ikastaro telematikoak ere egin ahal izango dira (ikastaroek ordutegi itxia izango dute eta irakaslearekin telematikoki jardungo da.)
Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen segituko dute euskaltegiek. On line ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.
Badira, bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari edota etorkinentzat antolatzen direnak.
Euskaltegi eta zentro homologatuen izenean, Ainhoa Sanchez Hitzez euskaltegiko arduradunak hartu du hitza. Adierazi du euskaltegiek ahalegin handia egin zutela iaz egoera berrira egokitzeko eta ikasleek ondo hartu zutela ahalegina. Aurten ere, iazko esperientzia gehituta, euskaltegiak ikasle bakoitzaren beharretara egokituko direla adierazi du.
2021-2022 ikasturterako dirulaguntzak eskatzeko epea eta baldintzak
2021-2022 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1ean zabalduko du. Ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik hilabeteko epea izango dute dirulaguntza eskatzeko
Dirulaguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinfo bulegoetan (Eason, Arrokan, Morlansen eta Altzan) eskatu ahal izango da. Era berean, dirulaguntza eskaera online egiteko aukera ere izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan.
Aurrez-aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, aurrez-aurreko telematikoak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ere ikastaroa hasten denetik 30 eguneko epean egin beharko da.
Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak ondokoak dira:
Eskatzeko baldintzak:
16 urtetik gorakoa izatea.
Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea.
Jasotzeko baldintzak:
Euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatu.
Eskabidea, behar bezala beteta, eta nahitaezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu.
Ikasturte amaieran, gutxienez azpi-maila bat gainditu eta %75eko asistentzia egiaztatu.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait dirulaguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten dirulaguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esate baterako), Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza ere eskatu ahal izango du, eta baita HABErena ere, betiere gainfinantzaketa ez dela izango ziurtatuta.
367.053 € bideratuko dira dirulaguntzetara
Aurrekontuari dagokionez, 2021-2022 ikasturterako, 291.249 € bideratuko dira euskara ikasteko dirulaguntzetarako ( 270.861,57 neguko ikastaroak diruz laguntzeko, eta 20.387,43 euro udako ikastaroetan aritu diren herritarrak laguntzeko); Horrez gain, 2021ean 38.000 euro bideratuko dira langabetuen ikastaroak antolatzeko urritik abendura, eta 37.804 euro xede bereziko ikastaroak aurrera eramateko.
2020-2021eko ikasturteko neguko ikastaroetan (udako datuak oraindik ez dira jaso) aritu diren herritarren artean, 1241 lagunek jaso dute dirulaguntza, eskaera egin dutenen %88,13. Gainditutako azpimaila bakoitzeko 168,69 € jasoko dituzte. Neguan ikasten aritutakoek irailean jasoko dute dirulaguntza. Hartara, ikasturte berrirako matrikula ordaintzeko baliagarri izango zaie jasotzen duten diru hori. Udan aritutakoek, berriz, abenduan jasoko dute dagokien dirulaguntza.
Deja un comentario