Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu du Euskaltzaindiari eman zaiola Foru Aldundiaren III. Ondarea Saria. Prentsaurrekoan, Itxasorekin batera Rocío Peña eta Juan Bautista Mendizabal egon dira.
Epaimahaikide izan dira Felipe Juaristi, idazlea; Juan Bautista Mendizabal, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria; Rocio Peña, arkitektoa; Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria; Maria José Telleria, Kultura zuzendaria; eta Gabriela Vives, Foru Aldundiko Ondare Historiko-artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko burua.
Kultura Ondarearen Europako Urtea dela eta, Foru Aldundiak berriz iragarri du 12.000 euroko saria.
Epaimahaiak aho batez erabaki du Euskaltzaindiak betetzen dituela aurtengo edizioko sariaren irabazle izateko ezaugarriak eta berezitasunak, argi eta garbi biltzen baititu proposamenak baloratzerakoan epaimahaiak nabarmendu dituen alderdi guztiak. Denis Itxasok azpimarratu du Euskaltzaindiak egin duen lan erabakigarria gure kultura ondare garrantzitsuena zaintzeko, eta adierazi du «euskara bizirik eta etorkizuna duen hizkuntza bat dela gaur egun, Euskaltzaindiak egindako lanari esker».
Kultura diputatuak emango du saria, azaroaren 16an Foru Aldundian egingo den ekitaldi batean; hain zuzen ere, Munduko Ondarearen Nazioarteko egunean, zeinaren leloa baita «Gure ondarea: iraganak etorkizunarekin bat egiten duen lekua».
Deja un comentario