Euskadiko Filmategiak Frantziako zinemaren eta hezkuntzaren sektorearekin lotutako 200 profesional baino gehiago hartuko ditu azaroaren 15ean (asteazkena) Tabakaleran. Rencontres nationales izeneko jardunaldia L’Archipel des Lucioles elkarteak antolatzen du (Laurent Cantet zinemagilea da lehendakaria), eta Frantziako Kultura eta Hezkuntza Ministerioek, CNCk (Zinemaren eta Irudi Animatuaren Zentro Nazionala) eta ANCTek (Lurraldeen Kohesioaren Agentzia Nazionala) laguntza jasotzen du. Horrela, Hezkuntza eta zinema programen ikastetxeetako koordinatzaileak, eskualdeko arduradunak, banatzaileak eta erakusleak Tabakaleran izango dira asteazken arratsaldean.
15:30ean, Delphine Lizot koordinatzaileak moderatuko duen mahai-inguru bat hasiko da. Bertan, Anatole Arestegui (Pirinio Atlantikoetako Departamentua), Simon Blondeau (L’Atalante Zinema), Maitane Eyheramonho (Zukugailua), Xabi Garat (Le Sélect Zinema) eta Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategiko zuzendaria) izango dira. 17:00etan, Isabel Herguera zuzendariak bisita gidatua egingo die Tabakaleran dagoen El sueño de la sultana erakusketara (urtarrilaren 7ra arte ikusgai dago); eta, ondoren (18:00etan), zinemagile donostiarrak bere filma aurkeztuko die (Irizar saria irabazi du Zinemaldiaren azken edizioan).
Era berean, bihar (asteartea, azaroak 14) 200 profesional horiek 20.000 especies de abejas filma ikusteko aukera izango dute Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetan.
Joxean Fernandezen hitzetan, jardunaldi hauek «garrantzi handikoak dira Frantziako esperientzietatik ikasteko, zinemarako hezkuntzaren esparruan, euskal zinema berriena sustatzeko eta ikastetxeetan euskara hizkuntza zinematografiko gisa zabaltzeko».
Euskadiko Filmategia hainbat erakunderekin elkarlanean aritu da azken urteotan, euskarazko hainbat film (Amama, Handia edo Bertsolari, adibidez) Iparraldeko eskola-saioetan proiektatu eta aztertzeko. Saio horietan milaka ikaslek hartu dute parte.
Deja un comentario