Europar Batasunak ia hiru milioi euroko laguntza eman du Bidegi foru elkartea Astigarragan eta Oiartzunen egiten ari den Garraioaren Zentro Integrala eraikitzeko. Markel Olano diputatu nagusiak egin du iragarpena, gaur goizean, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera Astigarragako plataformara egin duten bisitan. «Europar Batasunak Garraio Zentro Integralaren proiektua babestu du, eta azpiegitura hori 2.759.915 €-rekin finantzatzen laguntzea adostu du», zehaztu du Olanok. «EBko Berrikuntzaren eta Sareen Agentzia Exekutiboarekin (INEA) sinatu ondoren, Bidegik partidaren % 50 jasoko du, eta gainerakoa obra amaitzean».
INEAk «bikaintzat» jo du Bidegik aurkeztutako proiektua, eta adierazi du koherentzia osoa duela CEF (Connecting Europe Facility) deialdiaren helburuekin, hau da, Europa barneko garraio-sarerako konektatzeko mekanismoaren ingelesezko siglekin. «Laguntza emateko orduan, Europak aintzat hartu du Gipuzkoak bi aparkaleku seguru eta babestu jartzea oinarrizko sareko Atlantikoko korridoreko ibilgailu astunen esku», zehaztu du Olanok. Europa barneko sarea komunikazio-azpiegiturek, errepideek, portuek, aireportuek, trenbideek eta hiri-nodoek osatzen dute. Azpiegitura horiek garrantzi estrategiko handiena dute Batasunaren garraio-politikaren helburuak lortzeko, eta Europako laguntzarekin egiten diren jarduketen lehentasunezko xedea dira.
Europa barneko sarearen parte den AP-8/AP-1 errepidean horrelako azpiegitura baten beharraz jabetuta, Bidegi hasieratik hasi zen Europako erakundeen inplikazioa kudeatzen. «Orain arteko prozesu guztiaren helburua Europa barneko garraio-azpiegitura hobetzen eta zaintzen laguntzea izan da, garraio adimenduneko sistemekin (ITS) konektatutako aparkaleku seguruak eta babestuak izanik; horietan, garraiolariek eta haien ibilgailu astunek aparkaleku egokiak eta seguruak lortzen dituzte, zerbitzu eta atseden-instalazio modernoekin konbinatuta», azaldu du Markel Olanok.
Deja un comentario