Gladys Sariaren bosgarren edizioa aurkeztu da gaur Donostian, inoizko babesik handienarekin. PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta UPV/EHUko berdintasun-zuzendaritza.
Gladys Saria 2021ean sortu zen, emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzeko, eta euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Lau urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.
Edizio bakoitzak emakume bat saritzen du, eta Olatz Arbelaitzek, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak, adierazi duenez, “orain arte lau emakume saritu ditu Gladys Sariak, profil desberdinetakoak, eta horrek erakusten du askotariko erreferenteak behar ditugula. Neska gazteek sektorean aukera oso ezberdinak dituztela ulertzea nahiko genuke”.
Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Horrez gain, Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume haren lana gogoraraztea ere bada lehiaketaren xedeetako bat da.
Indar kolektiboaren emaitza
Aurten, orain arteko babes sare sendoena osatu da sariketaren inguruan eta euskal gizartean eragin handia duten erakunde oso ezberdinak elkartu dira helburu beraren bueltan. Lorea Arakistain, Puntueuseko marketin eta komunikazio zuzendariaren hitzetan, “Gladys teknologia eta berdintasunaren arteko elkargune gero eta garrantzitsuagoa da; komunitatearen konpromisoa azpimarratu nahiko nuke, emakumeekin eta teknologiaren etorkizunarekin”.
Gipuzkoa Foru Aldundiak bere aldetik, aro teknologiko berri batean aurrean egotearen erronkaz ariotu da, Nerea Isasi Berdintasun Zuzendariaren hitzetan “Gipuzkoak munduko ordenagailu kuantiko bakanetako bat hartuko du laster. Gure lurraldea erreferente izango da, eta horrek aukera berriak ekarriko ditu, baita erantzukizun bat ere: emakume gehiago prestatzea, inspiratzea eta erreferente bihurtzea sektore berri honetarako”.
4.000 euroko ordainsaria
Abian den edizioan 40 urte urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina edozeine proposatu ditzake hautagaiak. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.
Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte. 4.000 euroko ordainsaria jasoko du irabazleak.
Deja un comentario