Koldo Mitxelena Liburutegiko ikasketa gelan (Paraninfo) aurkeztu dute dokumentua Markel Olano diputatu nagusiak, Harkaitz Millan Kultura diputatuak eta Ander Ros filologo eta dokumentuaren ikertzaileak. Eskuizkribua ikusgai egongo da KMKren sarreran hurrengo bi asteetan.
‘Artxiboko ekosistemak’ bere fruituak eman ditu berriro, kasu honetan euskarari dagokionez. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan diharduten pertsonen, artxiboko langileen, historialarien eta filologoen lanari esker aurkitu, identifikatu eta nabarmendu ahal izan da Azkoitiko notario-protokolo batean zegoen euskaraz idatzitako testu zahar bat.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoako artxiboak egindako lana zoriondu eta errekonozitu du. Bere esanetan, azken aurkikuntza honen berri ematea «bereziki pozgarria» bilakatzen da Euskararen Nazioarteko Egunean. «Altxor bat da, baina ez giltzapean gordeta edukitzeko horietakoa, euskararen azterketan sakontzeko aukera baizik. Gure hizkuntzaren bilakaerari buruzko ikerketan eta ezagutzan aurrera egitea da hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko ahaleginean izan dezakegun oinarririk sendoena. Eskuizkribu honek argi berria eskainiko du zeregin horretan «, ziurtatu du.
Artxiboko langileen lanari esker, eta Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin (artxiboaren erabiltzailea eta Gipuzkoako historiaren garai hura ezagutzen duen aditua), irakurtzen oso zaila den testu honen lehen transkripzioa egin ahal izan da. Azkenik, Ander Ros filologoari, artxiboen ohiko erabiltzaile eta antzinako notario-dokumentuen aditu denari, eskatutako laguntzari esker, testuaren garrantziari buruzko lehen balorazioa daukagu, baita ulertzeko zailak diren zati jakin batzuen lehen interpretazioa ere.
Aurkikuntzak garrantzi handia du, gutxi baitira XVI. mende hasierako euskarazko testuak. Gaur egun arte iritsi diren ia guztiak mikrotestuak dira, esaldi solte batzuk edo kopla txiki itxurakoak. Euskara arkaikoan idatzitako testuen eskasia kontuan hartuta (1660. urtea baino lehenagokoak, Lakarraren arabera, -1997-), esan dezakegu Oñatin agertutako poema zirriborroa izan daitekeela euskaraz kontserbatzen den testurik zaharrenetakoa da.
Harkaitz Millan Kultura diputatu sozialistak adierazi duenez, «ez da gerora ohikoagoak izango diren euskarazko testu erlijioso horietako bat, maitemindu baten giza historia bat baizik. Gaurko eguna, euskararen nazioarteko eguna, bereziki garrantzitsua da gure hizkuntza giza sentimenduen eta historia pertsonalen transmisore gisa erakusten digun altxor hau ezagutzera emateko».
Bestalde, Ros irakaslearen arabera, «testuko hitz batzuk gipuzkera arkaikoan idatzita daude, eta bakanetakoa da, eta horietatik zaharrena, ia bakarra”. Testuak izan dezakeen garrantziari dagokionez, filologoaren ustez, «kontuan hartu behar da Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia; izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen».
Testuaren egileari dagokionez, ikerketa lan bat egin behar da; izan ere, testua Miguel Ibañez de Insausti eskribauaren protokolo batean badago ere, 1503 eta 1522 bitarteko notario-eskriturak dituena, uste da testuaren egilea dela ikasketa prozesuan Insaustiren eskribautegian lan egin ahal izan zuen eskribauetako bat. Idazketa datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentziak bide ematen dute baieztatzeko testua 1508 eta 1521 artean idatzi zela.
Deja un comentario