Inicio » Artículos » Deusto » «Emakumeen lekua euskararen batasun bidean» aztergai gaur Deustuko Unibertsitatean

«Emakumeen lekua euskararen batasun bidean» aztergai gaur Deustuko Unibertsitatean

Gaur, «Emakumeak leman» hitzaldi zikloaren barruan, «Emakumeen euskara batua» jardunaldia ospatu da Donostian, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutoak antolatuta DeustoForum

Ezkerretik eskubira: Juan Luis Zabala, Arantxa Urretabizkaia, Irene Arrarats, Itxaro Borda, Miren Azkarate eta Elixabete Perez.

Gaur, «Emakumeak leman» hitzaldi zikloaren barruan, «Emakumeen euskara batua» jardunaldia ospatu da Donostian, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutoak antolatuta DeustoForum Gipuzkoarekin elkarlanean. Emakumeek zer leku izan duten eta egun duten euskararan batasun bidean aztertzea izan da jardunaldiaren helburu nagusia.

Aurten bete dira 50 urte Euskaltzaindiak euskara eredu bateratua abian jarri zuenetik, hots, euskara batuaren jaiotza ofizialetik. Arantzazuko Batzarrean daude urtemuga bete berri duen lorpenaren oinarriak; izan ere, 1968. urteko urriaren 3an, 4an eta 5ean bildu ziren Euskaltzaindiako kideak Arantzazuko santutegian, besteak beste, hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko. Baina, Arantzazuko biltzarrean non zeuden emakumeak?

Elixabete Perez Gazteluk egin du aurreneko aurkezpena (Euskal Gaien Institutoko zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea) jardunaldia Euskaraldiaren barruan kokatuz eta Kathrine Switzer maratoilaria ere gogoratuz, «Emakumeak leman» hitzaldi zikloan parte hartu zuen lehenengo emakumea. Ondoren Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak solaskide bakoitzaren aurkezpena egin du, emakume bakoitza noiz eta nola ezagutu zituen gogorarazi du eta lehenengo galdera luzatu die: Noiz izan zen euskara batuarekin izan zenuten lehenengo harremana?

Arantxa Urretabizkaiak hartu du lehenengo hitza, bera, familia euskaldun batean jaioa, 1970. urtean izan zuen euskal kulturarekin lehenengo harremana eta nahiz eta aitortu, orokorrean, gizonen lanaren atzetik beti ibili izan direla emakumeak, euskarari gertatu zaion gauzarik onena euskara batua dela adierazi du. Itxaro Borda, Iparraldeko baserri giroan jaiotako idazle baionatarrak ere 80. hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea idazle bezala «Zeruko Argian».

Miren Azkaratek ere euskara batuaren munduan modu naturalean sartu zela adierazi du, Patxi Altunarekin egindako ibilibidea eta ikasketak gogorarazi ditu ere. Azkenik Irene Arraratsen txanda izan da, erderaz ikasi eta institutoan zuen lagunarte euskaldunari esker euskal kulturaren inguruan zaletasuna sartu zitzaion, eta azken honen bitartez iritsi zen euskara batuara, baita ere AEKan izandako alfabetizazio lanari esker, berak aitortu duenez.

Euskararen errejistroen inguruan, soziolinguistika, hitanoaren erabileraz, euskara batuaren indarra eta euskalkien ahultzeari buruz ere hitz egin dute luze eta garbi. Zentzu honetan, Itxaro Bordak «Euskara batuak euskalki guztien altxorrak bereganatzen dituela» adierazi du.

Miren Azkaratek artikuluen eta gai zientifikoen zabalkuntzarako, albistegietarako, hedabideetarako eta abarretarako euskara batua erabileraren garrantzia azpimarratu du baina bestelako errejistroak ere landu behar direla esan du. Irene Arraratsek «euskaldun jendeari euskaldun aktibo izatea eskatu behar zaiola» adierazi du, orokorrean erdaldun aktibo eta pasiboak garelako. Arantxa Urretabizkaiak ere bere iritzia azaldu du gai honen inguruan: «gazteeek euskara batuaren eta euskalkien arteko oreka bilatuko dute, denbora behar da horretarako, euskara batuak 50 urte besterik ez ditu eta.»

Juan Luis Zabalak zuzendutako galderari helduz, orokorrean emakume bezala euskal munduan ez dutela «diskriminazioarik sentitu» adierazi dute lau emakumeek, bakoitza bere arloan egindako lanean ez dute traba edo erasorik topatu. Kasu batzuetan ordea gizonen protagonismoa handiagoa dela somatzen dute eta adibide bezala literaturaren kasua jarri dute. Arantxa Urretabizkaiak adierazi du literatura «arra» dela, gizonezkoena, oraindik ere hori nabarmena dela baina denborarekin «emetuko» dela.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *