Foru Aldundiak eta Elkargik finantzaketa bide berri bat aktibatu dute Gipuzkoako gazte ekintzaileek beren enpresa proiektua abian jarri, eraldatu edo kontsolidatzeko aukera izan dezaten. Herritarrek Aldundiaren Aurrekontu Irekietan proposatu eta babestutako proiektuetako bat da, hain zuzen ere abal gisa finantza-tresna berriak garatzea 35 urtez azpiko gazteek sustatutako enpresa proiektuek bideragarritasun handiagoa izan dezaten. 200.000 euro bideratuko dira ekimen honetara. “Gipuzkoarrekin hartutako konpromisoa betetzeaz gain, honekin beste pauso bat emango dugu ekintzaileak babesteko ekosistema sendotzeko, horrela laguntzeko Gipuzkoa aukeren lurraldea izan dadin”, adierazi du Ane Insausti Ekonomi Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Hartara, Elkargiren Gipuzkoako lurralde zuzendari Rakel Martinen arabera, tresna berri honekin “ezaugarri jakin batzuk dituzten mikroenpresa eta ETEei finantzazioa jasotzea erraztuko diegu; hauek dira ezaugarriak: gehienez ere duela 3 urte sortu izana, partaidetza gehienak 35 urte baino gutxiagoko gazte ekintzaileek izatea eta finantzazioaren xedea izatea aktibo produktiboetan inbertsioak egitea, baita beren enpresa proiektuen epe luzerako bideragarritasuna eta lehiakortasuna ahalbidetzen duen likidezia ere”. Lehendik dauden enpresak nahiz jarduera ekonomiko berriak izan ahalko dira, 2 milioi euro baino gutxiagoko negozio bolumena edo 1,5 milioi euro baino gutxiagoko balantze orokorra, eta 50 pertsona baino gutxiagoko plantilla dutenak.
Inbertsiorako finantzaketari dagokionez, 200.000 euro bitartekoak izango dira maileguak, 10 urte arteko epearekin eta gehienez ere 2 urteko gabeziarekin. Likideziarako, gehieneko mailegua izango da 100.000 eurokoa, gehienez 4 urteko epearekin eta urtebeteko gabeziarekin. Abalatuko den gehieneko zenbatekoari dagokionez, gehienez izango da inbertsiora bideratutako finantzazioaren % 70, eta likidezia-maileguen % 100. Ekimen honek Gipuzkoan lan egiten duten finantza-erakunde nagusien babesa du: Bankinter, CaixaBank, Rural Kutxa, Bankoa, Kutxabank, Sabadell, BBVA, Laboral Kutxa eta Santander. Interesdunek erakunde horietako edozeinetan eska dezakete informazioa eta eskaera ere bertan egin daiteke.
Aldundiak espero du 13 gazte ekintzaileri laguntzea. «Euskal Ekintzailetzaren Behatokiaren azken txostenaren arabera, ekintzaileen batez besteko adina 43 urte da, eta ekintzailetza tasa mantentzen den arren, pertsona gazteagoengan jarri behar da arreta. Gure babes-ekosistema oso sendoa da beren proiektuak gauza ditzaten; laguntza ekonomikoa nahiz aholkularitza ematen diegu, eta helarazi nahi dieguna da ez daudela bakarrik, badaudela baliabideak, badagoela erakundeen apustu irmoa bat, eta badutela lagunduko dien sare bat. Kasu honetan, lortu nahi duguna da finantzazioa baldintza hobeetan eskura dezaten Aldundiaren abalarekin eta Elkargi bezalako berme osoko eragile baten bidez”, adierazi du diputatuak.
Insaustik gaineratu duenez, «gure ikuspegia da Gipuzkoa izatea aukerak eta etorkizuna eskaintzen dituen lekua, pertsona guztiek aukera izango dutena beren enpresa proiektuak garatzeko eta, aldi berean, lurralde guztirako aukera berriak, kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko. Ekintzailetzaren kultura da ekonomia lehiakorra eta ongizate-maila azpimarragarriak izatea ahalbidetu digun ezaugarrietako bat. Horregatik lortu behar dugu belaunaldi berrietara iristea, baldintzarik egokienak sortuta haiek ere proiektu berriak gauzatzeko gai izan daitezen”.
Azkenik, Elkargitik, Rakel Martínek adierazi du “finantza-tresna aktiboa garela lankidetza publiko-pribatuan eta eraginkortasun frogatua dugula finantzazioa bideratzeko, eta ekintzailetzaren ekosistematik gertu gaudela eta egongo garela hazten laguntzeko”.
Bosgarren proposamen bozkatuena
Aurrekontu Irekien bidez, Aldundiak herritarrei aukera eman zien proposamenak aurkezteko. Herritarren erantzuna oso positiboa izan zen: azken prozesuan 2.398 proposamen jaso ziren eta 1.541 pertsonak parte hartu zuten 88 herritan. Proposamen guztiak aztertu ondoren, Aldundiko teknikariek forma eman zieten, proiektuak identifikatu eta osatuta. Hala, 36 proiektu eratu ziren eta, bigarren fasean, herritarrek horietatik 10 hautatu behar izan zituzten. 7.374 pertsonak eman zuten botoa, 6.551k aurrez aurre eta 823k online, eta gazte ekintzaileei laguntzea izan zen babesik handiena lortu zuen bosgarren proiektua, 2.948 botorekin.
Deja un comentario