UPV/EHU-ko errektore den Nekane Balluerkak eta Kulturako diputatuak, Denis Itxasok, Elias Querejeta Zinema Eskola Euskal Unibertsitatera atxikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Eskolaren egungo ikasketak Unibertsitateko berezko masterrak izango dira, Artxibo, Komisariotza eta Sorkuntza, alegia. Datorren ikasturterako izen-emateko epea ostiral honetan hasten da.
EQZE-n egindako ikasketek Unibertsitateko ikastegietan ematen direnen balio akademiko berbera izango dute, eta kasuan kasuko ondorio profesional berbera. Titulu horiek Unibertsitatearen berezko ikastegien eskaintza guztiekin batera zabalduko ditu Unibertsitateak. Diplomak eta tituluak errektoreak emango ditu.
UPV/EHU-rekin koordinatuta, eskolak bere gestio-eredua eta bere proiektu pedagogikoa mantenduko du autonomia osoz. Ikasleak eta unibertsitatea bera eskolaren Zuzendaritza Batzordearen baitan egongo dira.
Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da eta berez luzatuko da beste lau urterako, aldeetakoren batek hitzarmena berritu nahi ez duela adierazi ezean.
Urte bakarra baino zerbait gehiago
Eskolaren nortasun juridikoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dago, aldundiak sortu eta finantzatutakoa baita. Zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentro bat da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena. Arloko hiru erakunderek kolaboratzen dute hor: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.
“Hitzarmen honek erakusten du arrakasta izan duela zentroak, eta finkatu egin dela urtebete eskaseko bere bizitzan”, esan du Itxasok. Balluerkaren arabera, berriz, “Eskolak EHUren marka dauka orain, zeinak bere zigilua eskaintzen baitie hiru graduondoei. Gure unibertsitateak ikusgaitasun akademikoa eskain diezaioke proiektuari, baita unibertsitate aukerak zabaldu ere Eskolako ikasleei”.
Bestalde, “Eskolak irakasleria interesgarri bat erakartzen du Donostiara, zinema munduari lotua, zeinak laguntzen baitigu gure prestakuntza-eskaintza zabaltzen ez ezik, baita ikerketa- eta transferentzia-itun berriak ezartzen ere”, gaineratu du errektoreak.
2018-2019 ikasturtea
Ostiral honetan hasiko da, otsailak 1, Elías Querejeta Zine Eskolako bigarren ikasturtean parte hartzeko epea, onartuak izateko aldian, eta maiatzaren 31n amaituko da. Ikasturteak 56 aste iraungo du.
Plaza-eskuragarritasuna mugatuta dago –gehienez 15 ikasle espezialitate bakoitzeko–, eta matrikularen prezioa 3.900 euro da, barne hartuta administrazio- eta kudeaketa-gastuak, tasak eta unibertsitate zerbitzuak. Izen ematea Eskolaren web orriaren bitartez bakarrik egin ahal izango da: www.zine-eskola.eus. EQZEko bigarren ikasturtearen hasierak bat egingo du Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioaren hasierarekin, zeina izango baita 2019ko irailaren 17an, asteartea.
Deja un comentario