Sektorearen erdia baino gehiago ordezkatzen duen ELAk bost egunetako greba egitera deitu die zahar-etxe, eguneko-zentro eta tutoretzapeko pisuetako langileei, emakumeak gehienak. Sindikatoaren arabera, “masiboa” izaten ari da gaur bertan hasi den greba. Testuinguru honen barruan, «ehundaka langilek» elkarretaratze bat egin dute gaur Matia Fundazioaren Txara II zaharren egoitzaren aurrean, han Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak lan egiten duelako.
«Bertan», jarraitzen du ELAk, «ozen ohiukatu dute instituzioaren jokaera prozesu honetan onartezina dela. Patronalak eta Diputazioa arduragabekeriz jokatzen jarraitzen badute, ELA-ko langileek argi daukate mobilizazioetan eta greban jarraituko dutela egoera irauli arte».
Sindikatuak salatzen duenez, «sektoreko hitzarmenaren negoziazioak bere horretan jarraitzen du, eta bi aste hauetan ez da inolako mugimendurik egon Gipuzkoako erresidentzietako mahai sektorialean». Beraz, pasa diren azken bi hilabeteetan hasi zituzten grebekin jarraitzea erabaki dute. Eta, egoera konponduko ez balitz, abenduan greba gehiago egingo lituzkete. Adegi, Garen, Lares eta Matia 2020 patronalek «2017 eta 2018rako soldaten izoztea planteatzen jarraitzen dute, eta ez dute inolako urratsik ematen negoziaketan. Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna izanik, ez da posizionatzen», azpimarratzen du ELAk.
Deja un comentario