Donostiako EH Bilduko udal taldearen ustez, Polloeko hilerrian dagoen mausoleo frankistarekin egin behar dena behera botatzea da. Koalizioaren ustetan, ez da nahikoa hildako faxisten omenez zegoen plaka kentzearekin, ezta han hobiraturik dauden 17 errepublikano eta gudarien aldeko beste eskultura bat kokatzea ere. Talde politikoaren ustez, beste ekimenak baztertu gabe, «ikur frankista» hori lurrera bota egin behar da.
Koalizioak komunikatu batean esan duenez, «Eusko Jaurlaritzari (Gogora Institutuari) ez diogu ezer eskatzen berak Madrilgo Gobernuari ‘El Valle de los Caídos'» lekuari buruz «eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko».
«Jakina denez», dio EH Bilduk, «pasa den maiatzean, jakinarazi zuen Aranzadi zientzia elkarteak Polloen dagoen mausoleo frankistan miliziano antifaxisten gorpuak zeudela hobiraturik. Donostiako EH Bilduko udal taldeak 2021eko azaroan Giza Eskubideen Udal Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu zen azterlana da, historialari donostiarren ikerketetan oinarrituta eta herri eragileen eskutik. Ondoren, gaiaren jarraipena egin behar izan genuen, bileraz bilera, maiatzeko aurkezpenera iritsi arte».
Deja un comentario