Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, maila urria (B2 gehienez) duten 16-18 urte bitarteko gazteentzat euskara ikastaroak antolatuko ditu uztailean. Hiruzpalau asteko ikastaroak izango dira, eta DBH 4, Batxilergo 1 eta Lanbide Heziketako gazteak lehenetsiko dira. Ikastaro hauetan parte hartzeko 2022an ezinbestean 16 urte bete behar dituzte gazteek, Donostian erroldatuta egon behar dute edo Donostiako ikastetxeren batean ikasi. Izena emateko epea ekainaren 15ean itxiko da.
Ikastaroak 60 ordukoak izango dira, 60 € balioko dute eta eta Donostiako euskaltegietan eskainiko dira Talde bakoitzean 8-12 gazte egongo dira. Ikastaroak egiteko bi aukera egongo da:
-A aukera, uztailaren 4tik 22ra, 3 aste, 4 ordu egunean, 9:30-13:30ko ordutegiarekin
-B aukera, uztailaren 4tik 29ra, 4 aste, 3 ordu egunean, 10:00-13:00ko ordutegiarekin.
Izena ematea Udaleko Euskara Zerbitzuan edo euskaltegi batean
Izen-emateari dagokionez, ikastaroan parte hartu nahi duen gazteek www.donostiaeuskaraz.eus -en eskura duten fitxa bat bete beharko dute. Fitxa bete eta gero, hiru aukera izango dituzte:
[email protected] helbidera bidali
-Euskara Zerbitzuan eskura eman edo bulegoan bertan bete (Konstituzio plaza 2, behea, 8:00- 14:00)
-Euskaltegietan eskura eman
Izena ematen duten gazteen euskara maila zein den zehazteko hurrengo irizpidea hartuko da kontuan:
-A0 maila dutela kontsideratuko da gazteak Donostiara azken hilabeteotan iritsi badira
-A1 maila dutela kontsideratuko da gazteek hilabete batzuk badaramatzate Donostian eta euskaraz zerbait baldin badakite.
Gainerako kasuetan euskaltegi bat arduratuko da gazteei mailaketa proba egin eta bakoitzari dagokion maila esleitzeaz. Taldeak euskara mailari erreparatuta osatuko dira eta ikastetxe ezberdinetako gazteak izatea lehenetsiko da. Taldeak ekaina bukaeran emango dira ezagutzera.
Informazio gehiago www.donostiaeuskaraz.eus web orrialdean aurki dezakezu.
Deja un comentario