Donostiako Piratek elkartea Covid-19ra egokitu da eta jardunaldi berean Piraten Setioa ospatuko dute hainbat ekitaldirekon. Abuztuaren 10ean izango da Trinitate plazan eta musikaz, haurrentzako emanaldiez eta Izan Pirata izeneko dokumentalaz gozatzeko aukera izango da. «Herritarrok bildu eta gure komunitatea zaindu ahal izango dugu, betiere segurtasun neurriak errespetatuz», adierazi dute Donostiako Piratek. Sarrerak aurrez erosi beharko dira eta doakoak izango dira. Bestalde, larunbat honetan kalera aterako dira gainerako jai batzordeekin batera, jai herrikoiak aldarrikateko eta defendatzeko.
Abuztuaren 10ean, 12etan hasiko da programazioa haurrentzako ikuskizun batekin. Bazkalostean, 16.30ean musika emanaldia izango da eta 19etan bertso musikalak. Azkenik, 22etan Izan Pirata dokumentala proiektatuko da.
Bertara sartzeko maskara erabili beharko da eta sarrerak aurrez erosi beharko dira, online edo Pandora, Platero, Zulo Zahar eta Berlfast tabernetan. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, bost gonbidapen jaso ahal izango ditu. «Gonbidapenak jasotzeko unean, izen-abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dira, beharrezkoa balitz, Osakidetzako aztarnariei emateko. Datu horiek guztiak 15 egun igarotzean ezabatuko dira», azaldu dute.
Bestalde, larunbat honetan, kolektiboak, gainerako jai batzordeekin batera, herriko jaiak aldarrikatzeko eta defendatzeko manifestazio batean parte hartuko du. Hitzordua eguerdiko 12etan izango da, Cristina Enea parkeko Egiako sarreran.
Zentzu horretan, Udalaren kudeaketa kritikatu dute, «behin eta berriz oztopoak» jarri dizkielako aurkeztutako aukera eta programa alternatibo guztiei. «Gogoratu nahi dugu 2003tik Donostia abordatzen ibili garela, jai herrikoien alde eginez eta jaiak segurtasunez antolatu ditzakegula erakusten».
«Egoeraren larritasuna ulertzen dugunez, udalak ezarritako baldintzak errespetatu ditugu, eta egun bakarreko egitaraua antolatu dugu. Pena handiz murriztu dugu programa, baina badakigu aurtengoan ez litzatekeela arduratsua izango egitarau handiegi bat bultzatzea», azaldu dute.
Deja un comentario