Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak osatutako Donostiako Udalaren ordezkaritza atzo arratsaldean iritsi zen Japoniara eta zuzenean Marugamenera joan ziren Kyoji Matsunaga eta bere taldea bisitatzera. Haiekin bilera izan zute narratsaldeko lehenengo orduan.
Kyoji Matsunaga 2021ean alkate izendatua izan zen, eta Masaharu Kaji ordezkatu zuen alkatetzan. Orduan Donostiako alkate Eneko Goiari gutuna bidali zion eta Kagawako prefeturan dagoen Marugame bisitatzeko gonbita luzatu zion, indarreko anaitzea berresteko. Matsunagaren iritziz, anaitzeak gauza oso positiboak eman dizkie bi hiriei. Bi alkateekin batera, bileran parte hartu zuten Donostiako Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik, udalaren presidentak, alkateordeak eta Marugameko Kultura eta Turismoko ordezkariek besteak beste.
Bileran Eneko Goiak gonbita eskertu zuen eta Justo Segura izan zuen gogoan, izan ere, berak hasi zuen ibilbidea bi hiriak anaituta egoteko. Segura 2023ko martxoan hil zen. Oroimenarekin bat egin zuten Marugameko alkateak eta ordezkariek txalo handi batekin. Goiak honakoa esan zuen: “Justok jarri gintuen harremanetan, eta Marugame zein Donostiako hainbat eragileri esker, egun gure kulturak, eta bereziki gazteak egiten dituzten trukaketei esker, gure hiriak inoiz baino lotuago daude”.
Bilerak ordubeteko iraupena izan zuen, eta bertan, beste hainbat gairi buruz hitz egin zuten; esaterako, egun hauetan Donostian ospatzen ari den San Sebastian Gastronomika kongresuari buruz, hain zuzen ere, Japonia protagonista duen kongresuari buruz; eta nola ez, futbola eta Japonian mundu guztia Donostiara begira jarrin duen Takefusa Kubo futbol jokalari japoniarrari buruz.
Hortaz, Donostiako alkateak futbolariak sinatutako kamiseta oparitu dio Matsunaga alkateari. Kamiseta Marugameko Udaletxean egongo da, Donostiako oroigarriekin batera.
Bide berriak
Bigarren egunean Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak Marugameko agintariekin hiriko hainbat instalazio eta leku bisitatu dituzte, hala nola, Honjima uhartea, elizaren haurtzaindegia, edo ur-motorren lehiaketak egiteko pista, eta zenbait tokiko eragilerekin egoteko aukera izan dute. Helburua izan da, Marugameko beste hainbat toki ezagutzea eta bertako eragileekin hitz egitea Anaitzean bide berriak jorratzeko.
“Kultura, hezkuntza, kirola eta turismoarekin lotura duten gaiak oso interesgarriak izan daitezke etorzkizunean elkarrekin proiektuak aurrera eraman ahal izateko”, nabarmendu du Donostiako alkateak. Horiek horrela, Eneko Goiak Kyoji Matsunaga eta bere taldea Donostia bisitatzera gonbidatu ditu, proiktu berrietan lan egiten jarraitzeko.
Era berean, Goiak eta Insaustik Moises Garcia Boceta kirolari donostiarra eta bere entrenatzaile Eduardo Noriegarekin egoteko aukera izan dute. Garciak Shorinji Kempo-ko Munduko Txapelketan parte hartu du, zazpigarren geratu da bere kategorian, eta txapelketako lehen sailkatu ez-asiarra izan da.
Marugameko bisita bihar amaituko da Marugameko elizak Justo Segurari eskainitako tokian. Ondoren, Donostiako ordezkaria Takira bidaiatuko da.
Deja un comentario