Aurten ere, Donostiak bere izaera solidarioa erakutsiko du Oporrak Bakean programaren bidez. Haren bitartez, haur sahararrek aste batzuk igaroko dituzte Aljeriako basamortuko erbestean bizi dituzten baldintza gogorretatik urrun.
Donostiako Udaleko Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotzi Iñigo Garcíak azpimarratu duenez, «Donostiak 39 urte daramatza programa hori gauzatzen, Fronte Polisarioaren eskutik, Saharako umeak erbestean bizi dituzten bizitza gogorretik urrunduz, udako aste batzuetan baino ez bada ere. Gure helburua, aurten, haur horiek etxean hartzeko prest dauden Donostiako hamabi familia lortzea da. Iazko zifra bera da. Balio handiko bizi-esperientzia solidarioa.»
Harrera eman behar zaien hamabi haurretatik sei iazko familia berek hartuko dituzte; beste bi haurrek esperientzia errepikatuko dute, baina familia bat bilatu behar zaie, eta beste lau, berriak dira Donostian, eta, jakina, harrera-familia bat behar dute.
Abian dira jada kanpaina eta izena emateko prozesua, esperientzia hori bizi nahi duten familia donostiarrentzat.
Haurrei, Donostian dauden bitartean, osasun-azterketak egiten zaizkie. Gainera, erabilera kulturalak eta linguistikoak trukatzen dituzte, eta beste errealitate batzuk ezagutzen dituzte, Tindoufeko errefuxiatu-kanpamenduetatik harago.
Familien inplikazioa bultzatzeko, informazioa hiriko ikastetxeetara bidaliko dugu eta kartelak jarriko ditugu Donostiako toki berezietan. Gainera, otsailaren 12an, asteazkenarekin, informazio-hitzaldi bat izango da Udaletxean, interesa duten herritarrei irekia. Oporrak Bakean programari buruzko informazio zehatza emango da bertan.
Hiriko haurtxokoetan, kultura arabiarreko lantegiak izango dira, bai eta programaren informazioa ere. Bihar, larunbatarekin, Aieteko haurtxokoan izango da, eta, otsailaren 22an, Intxaurrondokoan; biak 17:00etan. Kanpaina sare sozialetan ere mugitzen da, «Esperantzari leiho bat» lelopean.
Izena emateko azken eguna, martxoaren 15a.
Deja un comentario