Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua hasi du, Aurrerapen fasean. Udalaren oharrak dionez, «prozesu honetan herritarren partaidetzak zati handi bat izango du, informazio eta prestakuntza saioetan, kontsultetan, mahai sektorialetan eta herritarrak, elkarteak, teknikariak eta beste kolektibo batzuk deituta dauden beste dinamika ireki batzuetan zehaztua, eta Plan Orokor hau aberasteko ekarpenak egiteko aukera izango dute«.
Saio irekietako lehenengoa datorren astelehenean, martxoak 28, arratsaldeko 19:00etan izango da Udaletxeko Pleno Aretoan eta Plan Orokorraren berrikuspenaren partaidetza fasearen hasiera izango da. Saio honetan parte hartuko dute ere, halaber, hiri plangintzan adituak diren bi arkitekto-urbanistak; Gabriel Chapa arkitekto-urbanista bizkaitarra eta Monica Beguer i Jornet katalana, hiri-plangintzan esperientzia handia duena.
Gaur egungo Planak 12 urte daramatza indarrean, «eta hiriaren testuingurua asko aldatu da ordutik», Udalaren komunikatuaren arabera; «horregatik, beharrezkoa eta ezinbestekoa da plangintza tresna honen berrikuntza eta egokitzapena sustatzea». Aurreikuspenen arabera, urtebete barru Aurrerapen dokumentu hori amaituta egongo da, Udalak legealdia amaitu baino lehen jendaurrean jarri ahal izateko. «Aurrerapena egin ondoren, hurrengo legealdirako geratuko da Plan Orokorra bera egitea, gaur egun indarrean dagoena ordezkatzeko».
Astelehena eta gero, «planteatuko diren dinamika irekien berri emango da behar den garaian, interesa duen orok Plan Orokorraren prozesuan parte har dezan».
Zer da HAPOa
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra «udalerriko lurralde osoa eta, horren barruan, hiria, antolatzeko oinarrizko tresna nagusia da», zehazten du Udalak. «Horrela, lurzoruen sailkapena ezartzeko eta, lehenik eta behin, lurraldearen egitura organiko osoa planifikatzeko balio du –Eremu desberdinak eta dagozkien sistema orokorrak definituz–, eta lurzoruen antolamendu eta eremuetan banatze xehatua ere ezarri ahal izango du, eraikuntza, jabetza eta erabilera baldintzak arautuz».
Orain arte, Udalak plana berrikusteko oinarrizko lehen dokumentua, Plan Orokorraren Aurrerapena izenekoa, lizitatu eta idazketa talde bati eskatu dio. Une honetan, eta Hirigintza Jasangarriaren arloaren zuzendaritzapean, talde hori dokumentua lantzen ari da. Dokumentu horretan, Plan Orokorra egiteko irizpide orokorrak jasoko dira.
Deja un comentario