Udaleko Euskara Zerbitzuak bi sasoitan antolatuko ditu doako euskara ikastaroak langabeentzat 2024an: urtarriletik martxora eta urritik abendura. 2024ko urtarrilaren 11tik martxoaren 6ra egingo diren ikastaroetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute abenduaren 20ra bitartean Donostiako edozein euskaltegi homologatutan edota on-line www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan.
Ikastaroetan parte hartzeko nahikoa da Donostian erroldatuta egotea, gutxienez 18 urte izatea eta langabezian egotea izena ematerakoan. Ikastaro hauek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45era (ordu laurdeneko atsedenarekin).
Ikastaro hauen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea eta, bestetik, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea: “behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Hori dela eta, eskaintza mantentzea erabaki dugu eta doako ikastaro horiek urtean bitan antolatuko ditugu. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu.” adierazi du Jon Insaustik, Turismo, Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.
Aurten, 2023an, 11 talde osatu dira eta 96 langabe aritu dira euskara ikasten.
Informazio gehiagorako: www.donostiaeuskaraz.eus.
Deja un comentario