Heineken Jazzaldiaren antolatzaileek eman dute aditzera 54. edizioko programaren aurrerapena, 2019ko uztailaren 24tik 28ra bitartean garatuko dena. Eta, beraien hitzetan, «esan behar da jazz garaikideko hainbat artista gailen bilduko direla bertara». Diana Krall nola Jamie Cullum edota Neneh Cherry «munduko edozein jazz-jaialditako kartel-buru izan daitezke, eta Heineken Jazzaldian hirurak izango ditugu».
Gainera, «proiektu guztiz interesgarriak dakarzkigute Joshua Redman, Maria Schneider eta Donny McCaslin-ek», jarraitzen dute antolatzaileek, «gehigarri batekin: Schneider-ek eta McCaslin-ek elkarrekin interpretatuko dute orkestra-zuzendariak David Bowie-ren omenez idatzitako pieza bat».
«Laster» iragarriko dituzte 2019 urteko edizioaren programazioa osatuko duten artista gehiagoren izenak. Sarrerak otsailaren erdialdera jarriko dira salgai.
Hauek dira baieztaturik dauden izen batzuk:
– Diana Krall artista aparta da, «hala pianista nola abeslari modura», definitzen dute antolatzaileek. «Agertokian erakusten duen dotoreziak, beti gustu onez aukeratu ohi duen errepertorioak eta haren kalitate ukaezinak azken bi hamarraldiotako jazzeko ezinbesteko izen bihurtu dute». Eta begi ona du bere lankideak hautatzeko orduan ere. «Oraingoan, Joe Lovano dakar artista gonbidatu gisa, hau da, jazzeko saxofoi-jotzaile garrantzitsuenetako bat».
– Jamie Cullum-ek «ez du aurkezpenik behar Donostian. Bisita-txartel miresgarria utzi zuen 2015ean, hiru emanaldi gogoangarri eskaini zituenean Heineken Jazzaldian: DJ modura, pianoko bakarlari gisa eta bere taldearen buruan. Cullum-i gogo-berotasuna dario parrastaka, bizipoza, indarra eta musika, batez ere musika».
– Neneh Cherry abeslariak «ibilbide distiratsu bezain koloretsua darama orain arte», eta nazioarteko izar ukaezina bihurtu da Woman eta 7 seconds abestiei esker edota Cole Porter-en I’ve got you under my skin klasikoaren interpretazio «txundigarria» dela medio. Horiez gainera, «proiektu berritzaileak sustatu ditu», hala nola jazz esperimentaleko The Thing talde eskandinaviarrarekin egindako elkarlana, hain zuzen ere, 2012ko Heineken Jazzaldian aurkeztu zuena, edota CirKus, zeinarekin 2007an izan baitzen Donostian. «Ikusmin ikaragarria dago haren azken diskoa» –Broken politics (2018)– dastatzeko.
– Maria Schneider Ensemble Denada-rekin batera dakarren proiektu iradokitzailearekin estreinatuko da Heineken Jazzaldian. Orkestra-zuzendari eta musikagile goraipatua da Schneider, bost Grammy sari irabazi ditu, «kritikak eta ikus-entzuleek oso gogoko dute eta jazzeko izar erabakigarrienetako bat da une honetan». Ensemble Denada banda norvegiarraren buruan dago orain, «»ez da alferrik Europa osoko talde berritzaileenetako bat.
– Donny McCaslin-ek «zur eta lur utzi zituen hainbat ikus-entzule 2017ko Jazzaldian eskaini zuen joaldi miragarrian». McCaslin-ek «esperientzia aipagarria du jazzaren munduan»: elkarlanak egin ditu Steps Ahead, Gil Evans, Danilo Pérez eta Dave Douglas-ekin, eta, 2004an, jazzeko instrumentista bakarlari onenaren Grammy sarirako izendatu zuten.
Donny McCaslin eta Maria Schneider aurretik ere elkarrekin lan eginak dira eta Jazzaldiko saio berean izango ditugu: lehenengoan McCaslin izango da protagonista bere boskotearen buruan eta bigarrenean Maria Schneider-ek zuzenduko du Ensemble Denada. Azkenean, McCaslin-ek Schneider-ekin eta Ensemble Denada-rekin bat egingo du elkarrekin Sue (Or in a Season of Crime) interpretatzeko, hau da, Schneider-ek Bowie-rentzat 2014an idatzitako abestia.
– Joshua Redman 90eko hamarraldian sortutako saxofonista karismatikoenen artean dago. Still Dreaming proiektua aurkeztera dator, zeina, egia aitortzera, 2018an argitaratutako jazzeko disko onenen artean baitago.
Eta John Zorn-en Bagatelles Marathon berria
Beste alde batetik, aurrez antolatzaileek iragarri zuten bezala, John Zorn Donostian izango dugu berriro, Heineken Jazzaldian, 2013an bere Masada Marathon ikuskizunak lortutako «arrakasta itzelaren ondoren». Oraingoan, Bagatelles Marathon dakar, zeina arratsaldeko bi saiotan emango baita, Kursaal auditorioan: uztailaren 27an bata eta hurrengo egunean, 28an, bestea. Musika-maratoi honetan 14 taldek hartuko dute parte John Zorn-en The Bagatelles musika-liburu berri eta luzeko 50 konposizio baino gehiagoren interpretazioan.
Parte hartuko duten musikarien artean daude –hogeita hamarretik gora izango dira– Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen, Trevor Dunn «eta Zorn-en sormen-unibertsoa oso ongi ezagutzen duten beste hainbat».
Deja un comentario