4.300 lagunek baino gehiagok gozatu dute dFERIAren XXVII. edizioan eszenatokietan programatutako emanaldiez, eta batez besteko okupazio maila %93koa izan da. Datu hauek agintariek ezarritako neurriei egokitzen dira, hau da, %50eko aforoa zinema eta antzokietan, alarma egoerako arriskuak saihesteko. Akreditatuen kopurua ere arrazoi beragatik jaitsi da. Pasa den urtean azken orduan ospatu zen dFERIA, konfinamendua baino lehen.
Edizio honetan, 28 konpainien, 28 ikuskizun eta 41 emanaldi plazaratu dira Donostiako zortzi antzeztokitan. Kopuruei dagokienez, ikuskizunen %64a estreinaldiak izan dira modu batean edo bestean: bost mundu mailan eta hamahiru Euskadin. Diziplinen eremuan, %50a dantza izan da, beste %39a antzerkia eta gainontzeko %11 diziplina anitzak.
dFERIAra etorri diren konpainia gehienak estatukoak izan dira. Gutxi batzuk nazioarteko kideak zituzten euren lan-taldetan: Argentina, Errusia, Japonia, Frantzia, Portugal eta Erresuma Batua.
Edizio honetako berritasunen artean, nabarmena da egitura eta guneak egokitu egin behar izan direla osasun neurri guztiak bete ahal izateko. Hartara, azpiegitura berriak instalatu dira, adibidez, karpa bat akreditatuek sarbide errazagoa izan zezaten bilgunera. Azpimarratzekoak dira, baita ere, aurreko edizioetako jarduera profesional ia guztiak mantendu izana eta Lugaritzeko Imanol Larzabal Aretoa dFERIAko eszenatoki gisara berreskuratu izana.
dFERIAren hurrengo edizioa, 2022ko martxoaren 14a eta 17a bitartean izango da.
Deja un comentario