Inicio » Idiomas » Euskera » Deutsche Kammerphilharmonie Bremen lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, Kursaalen emango duen kontzertuarekin
Donostiako Musika Hamabostaldia

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, Kursaalen emango duen kontzertuarekin

Orchestre de Paris eta Euskadiko Orkestrak emandako kontzertuen ondoren, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen-ek hartuko du lekukoa 80. Musika Hamabostaldiko ziklo sinfonikoan.

Orchestre de Paris eta Euskadiko Orkestrak emandako kontzertuen ondoren, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen-ek hartuko du lekukoa 80. Musika Hamabostaldiko ziklo sinfonikoan. Abuztuaren 27an izango da hitzordua. Izen handiko orkestra Donostiako jaialdian arituko den lehen aldia izango da, nahiz dagoeneko 2001ean Donostian izan zen, Kursaal Eszenaren egitarauan. Ganberako orkestra alemaniarra Omer Meir Wellber gazte israeldarrak zuzenduko du, egungo orkestra zuzendari boteretsuenetako bat den izarrak. Haiekin batera etorriko da gaur egungo biolinista ezagunenetariko bat: Hilary Hahn musikariak bere ibilbidean eragin gehien izan duen Johann Sebastian Bach konpositorearen obrak joko ditu. Kontzertua 20:00etan hasiko da, Kursaal Auditorioan.

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen aro ezberdinetatik igaro den ganbera taldea dugu, eta hainbat hiri alemaniarri lotuta egon da. 1980. urtean, Junge Deutsche Philharmonie sortu zuten, musika ikaslez osatutako orkestra. Iparraldeko Frisiako irla bateko herri txiki batean finkatu zen, Wyk auf Föhr-en. Orkestra kooperatiba moduan eratu eta laster lortu zuen ospea. Lau urte beranduago, Gidon Kremer-ek Lockenhaus-ko jaialdira gonbidatu zuen, munduko musika jaialdi bikainenetarikora. 1987an Deutsche Kammerphilharmonie izena jarri zioten orkestrari eta Frankfurt-en finkatu zuten. Hala ere, 1992. urtean topatu zuen bere behin betiko egoitza Bremenen, eta gaur egungo izena eman zioten orkestrari. Jirí Belohlávek txekiar zuzendari handiak aro berri haren hasieretan orkestrarekin lan egin zuen, baina Thoman Hengelbrock izan zen bere lehen zuzendari artistikoa eta orkestra nazioartekotu zuena. Beranduago, Daniel Harding eta Paavo Järvi-k hartu zuten orkestraren ardura, azken honek, gaur egun arte. Zuzendari estoniarrak taldearekin izandako harreman luzea Bremengo Ospearen Aretoko brontzezko estatua batekin aitortu zioten. Bitxikeria bat aipatzearren, ikasle talde hartako lau musikarik egun oraindik orkestran lanean dihardute.

37 urteko Omer Meir Wellber zuzendariaren ibilbidea oparoa izaten ari da azken garaiotan. 2018/2019 denboraldian Dresdeko Operaren zuzendari gonbidatu nagusia izan da, eta 2019ko irailean BBC Philharmonic-en agintea hartuko du, Juanjo Mena euskal zuzendaria ordezkatuz. Gainera, 2020ko urtarriletik aurrera, Palermoko Teatro Massimoko musika zuzendari bihurtuko da, eta 2009tik Israel bere jaioterriko Raanako Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistiko nagusia da. Daniel Barenboimen laguntzaile izanda trebatu zen, Berlingo Estatu Operan eta Milango Teatro alla Scalan. Han operaren sekretuak ikasi zituen eta askotan lan egiten du genero horretan. Zuzendari izateaz gain, konpositorea ere bada Wellber, eta obra katalogo berezia du. Bere lanen artean da, esaterako, “Mandolinarako kontzertua”.

Hilary Hahn estatubatuarra nazioarteko bakarlari ezagunenetariko bat da. Haur prodijioa izan zen: hiru urterekin hasi zen biolina ikasten eta bederatzirekin eman zuen bere lehen errezitala. Nazioarteko debuta hamabost urterekin egin zuen, Beethovenen “Biolinerako kontzertua” joaz Lorin Maazel eta Bavariako Irratiaren Orkestran. Urte bat geroago, 1996an, Sony Classical zigiluarekin kontratua sinatu zuen, eta beste bat 2003an, Deutsche Grammophon-ekin. Hahn ez da disko asko grabatu izanagatik ezagun, baina bere disko berri bakoitza gertaera garrantzitsutzat hartua izaten da eta hiru Grammy sari irabazi ditu dagoeneko. Bere alderdi musikalaz gain, Hahn “influencer” esaguratsua ere bada. 225.000 jarraitzaile ditu instagramen. Joan den abuztuaren 11n sare sozialetan egindako proiektu handi bat bukatu zuen, #100daysofpractice izenekoa. Proiektu hartan erakutsi zuen zein den lehen mailako biolinista bakarlari baten eguneroko jarduna.

Deutsche Kammerphilharmonie Bremenek Johann Sebastian Bach konpositorearen musikarekin ekingo dio emanaldiari. Biolinerako bi kontzertu joko dituzte lehen zatian. Leopoldo printzearen gortean, Anhalt-Cöthen-en lan egin zuenean sortu zituen lanok (1717tik 1723ra butartean). Han, programako oharrak idatzi dituen Arkaitz Mendozaren arabera, “Bach-ek orkestra baliotsua zeukan, eta Joseph Spiess lehen biolin bikaina. Harentzako konposatu omen zituen, bere “Brandemburgoko Kontzertuak” ezagunez gain, guganaino heldu diren bere hiru “Biolinerako Kontzertuak”, dotorezia handiko obrak”. Donostian entzun ahal izango ditugun bi obrek Bach-ek Europako musika korronteei buruz zekien guztia agerian uzten dute, nahiz konpositorea ez zen sekula Alemaniatik atera. Hala, “BWV 1041 kontzertua” italiar eran antolatutako obra da, azkar-geldo-azkar hiru mugimentu dituena. BWV 1042 mota honetako maisulanetako bat da. Obra biak konpositore alemaniarrak hautatutako koral batzuek lotuko dituzte.

Kontzertuaren bigarren zatia Franz Schubert-en “4. sinfonia, Tragikoa” obrari eskainiko diote. 1816an konposatu zuen, soilik 19 urte zituela. Schubert oso konpositore goiztiarra “Erlkönig” edo “Gretchen am Spinnrade” lieder ezagunak. Schuberten beste sorkuntza batzuekin gertatu bezala, “4. sinfonia” ez zen askorik nabarmendu eta ez zen bera hil eta hogei urte igaro arte estreinatu. Konpositoreak berak jarri zion “Tragikoa” ezizena obrak duen atmosferagatik, minorren idatzi zuen lehen sinfonia izan baitzen. Era berean, bere sinfonia ezezagunenetariko bat da. Ziurrenik, idatzi zuenean oraindik Schuberten hizkuntza sinfonikoa garatze bidean zen eta ageria da sinfonia honetan Mozart eta Haydn-en sinfonia klasikoen eragina.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Kutxa Fundazioa
Didoe
Día mundial del retrete