Inicio » Idiomas » Euskera » Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak ongietorria egin die atzerriko ikasle berriei

Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak ongietorria egin die atzerriko ikasle berriei

20 herrialdetako 98 ikasle inguru iritsi dira Donostiara, bigarren seihilekoa egitera

Gaur asteartea, otsailak 6, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean bigaren seihilekoan ikasketak egitera 20 herrialdetatik etorri diren atzerriko 98 ikasleei harrera ofiziala egin zaie. Lehenengo seihilekoan Donostian izan diren ikasleak ere kontuan hartuta, guztira atzerriko 250 ikasle inguruk egingo dituzte ikasketak Donostiako campusean 2023-2024 ikasturtean. Ikasleak hainbat truke programaren barne etorri dira Donostiara, herrialde hauetatik: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Austria, Erresuma Batua, Eslovenia, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Italia, Japonia, Kanada, Kolonbia, Mexiko, Peru, Portugal, Suedia, Txekiar Errepublika, Txile eta Turkia. Gehienak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean-Deusto Business Schooln egingo dituzte ikasketak, baina baita Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean eta Osasun Zientzien Fakultatean ere.

Honakoek hartu dute parte Donostiako campuseko ongietorri ekitaldian: Javier Arellano, Deustuko Unibertsitateko Ikerketako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea; Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Hizkuntza Politikako errektoreordea; eta June Calvo, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Nazioarteko Harremanetarako Bulegoko koordinatzailea. Ikasleek unibertsitateak eskaintzen dituen eskolaz kanpoko jarduerak (kirola, elkartasuna, fedea eta kultura) ezagutzeko aukera izan dute, Deusto Campuseko ordezkarien eskutik: Yajaira Kortabitarte, Jon Ojanguren eta Jon Sagastagitia sj. Arratsaldean, Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan, hiriko alkate Eneko Goiak ongietorria egin die nazioarteko ikasleei, eta, jarraian, Imanol Galdosek (Donostia Kultura) hiriko kultur eskaintza aurkeztu die. Gainera, Sebastian Zuñiga Txileko Universidad de la Fronterako ikasleak eta McKenzie McMullen Ameriketako Estatu Batuetako Boston Collegeko ikasleak beren esperientzia azaldu diete bertaratuei.

20 herrialdetatik datozen ikasle hauek hartzeak Deustuko Unibertsitateak nazioartekotzearekin duen konpromisoa islatzen du, funtsezko elementua baita bere zeregin akademikoan. Unibertsitateak 450 akordio baino gehiago ditu sinatuta nazioarteko unibertsitateekin, ziur baitago hezkuntza eta kultur hesiak gainditzea garrantzitsua dela, hezkuntza esperientzia aberasteko. Konpromiso horrek, eraldaketa digitaleko ekimenekin batera (Campus Birtuala, esaterako), askotariko aukerak eskaintzen ditu jarduera akademiko eta kulturalak egiteko eta, horrela, ikasleei prestakuntza integrala eskaintzen zaie, muga geografikoak gainditzen dituena, ikaskuntza glokaleko (globala eta tokikoa) esperientzia sustatuz. Testuinguru horretan, nazioarteko mugikortasuneko ikasle guztiek euskara eta gaztelania ikas ditzakete gurean dauden bitartean, eta gure kultura gehiago ezagutu dezakete, historia, hizkuntza, gastronomia edo kirolari buruzko irakasgai eta jardueren bidez.

Aurkezpenean, Xabier Riezu Donostiako campuseko errektoreordeak ikasleei eskatu die diziplina guztietan norberaren ahalegina, elkarlana eta berrikuntza sustatzen dituen unibertsitate honetan seihileko batean edo urte akademiko batean ikasteko aukera aprobetxatzeko. Campuseko kultur aniztasunaz gozatzera eta hiriak eta Euskadik eskaintzeko duten guztia bilatzera ere gonbidatu ditu.

Jardunaldia amaitzeko, ikasle atzerritarrek Donostiako hirira bisita egingo dute, «buddie»ek edo bertako ikasleek lagunduta.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete
Didoe