Inicio » General » Deustuk otsailaren 15ean berriro irekiko ditu ateak bere eskaintza akademikoa eta zerbitzuena ezagutzera emateko

Deustuk otsailaren 15ean berriro irekiko ditu ateak bere eskaintza akademikoa eta zerbitzuena ezagutzera emateko

Etorkizuneko unibertsitate ikasleek 25/26 ikasturteko gradu eta gradu bikoitzei buruzko informazioa jasoko dute eta bisita gidatuetan parte hartu ahal izango dute

Deustuko Unibertsitateak Ateak Zabaltzeko aurrez aurreko Jardunaldia antolatu du, datorren larunbaterako, otsailak 15, Donostiako eta Bilboko campusetan, etorkizuneko ikasleei orientazioa eskaintzeko eta beren profilera ongien egokitzen den gradua edo gradu bikoitza aukeratzen laguntzeko. 10:00etatik 14:00etara, etorkizuneko unibertsitate ikasleek Deustuk eskaintzen dituen 50 gradu eta gradu bikoitzen xehetasun guztiak ezagutu ahal izango dituzte. Hainbat arlotakoak dira graduak: Enpresa, Zuzenbidea, Politika eta Nazioarteko Harremanak, Hizkuntzak, Komunikazioa, Hezkuntza eta Kirolak, Gizarteko esku hartzea, Teologia, Ingeniaritza, eta Osasuna.

Unibertsitateko fakultateetako eta zerbitzuetako arduradunak etorkizuneko ikasleen eta familien eskura egongo dira, 25/26 ikasturteko gradu eta gradu bikoitzen inguruan izan ditzaketen zalantza guztiak argitzeko: ikasketa planak, sarrera prozesua, praktikak, nazioarteko programa, lan irteerak, irakaskuntzaz kanpoko jarduerak, hizkuntzak, bekak, ostatua… Ohi den bezala, bisita gidatuak ere antolatuko dira, campuseko instalazioak ezagutzeko.

2025-26 ikasturteko berrikuntzak

Datorren ikasturteko berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Komunikazioko + Nazioarteko Harremanetako gradu bikoitz berritzailea. Programa hori Donostiako campusean eskainiko da, eta mundu globalizatu honetan komunikazioa ulertzeko modua eraldatzea du helburu, komunikazioko eta nazioarteko harremanetako ikuspegiak integratuz, nazioarteko ingurunean lan egiteko gai izango diren profesionalak prestatzeko.

Halaber, Deustuko Unibertsitateak Lehen Hezkuntzako + Haur Hezkuntzako gradu bikoitza eskainiko du, Donostiako campusean. Ikasketa horien helburua da irakasle moldakorrak prestatzea, haur hezkuntzatik (0-6 urte) lehen hezkuntzara arte (6-12 urte), espezializazio hauekin: Entzumena eta Hizkuntza, Gorputz Hezkuntza, Hezkuntza Goiztiarra eta Garapen Psikomotorra. Gainera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua eskaintzeko asmoa dago, Donostian.

.Eguna: otsailaren 15a, larunbata
Ordutegia: 10:00-14:00
Tokia: Donostiako eta Bilboko campusetan


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Didoe
Kutxa Fundazioa