LanEusKal egitasmoak, Euskal Gaien Institutuak bultzatuak, Deustuko Unibertsitatean prestakuntza jasotzen ari diren etorkizuneko profesionalen motibazioan eragitea du helburu, lanbidean euskaraz (kalitatez) aritu daitezen. Lehen solasean, maiatzaren 16an, Andoni Ayerdi Olaskoaga eta Borja Oreja Garralda fisioterapeutek fisioterapiak goi errendimenduko kirolean duen funtzioaz eta lesioen tratamenduaz hitz egin zieten «Kirol Fisioterapia» irakasgaiko ikasleei. Gainera, beren lan jardunean euskarak duen garrantziaz ere aritu ziren, etorkizuneko profesionalen euskararekiko atxikimendua sendotu nahian. Saioa Fisioterapiako graduko irakasleen laguntzaz antolatu zen.
Andoni Ayerdi eta Borja Orejak goi errendimenduan fisioterapeutek nola lan egiten duten azaldu zieten ikasleei, Girona, Alaves eta Osasuna futbol taldeetan izan duten esperientzian oinarrituta. Hain zuzen ere, Osasunako esperientziaz hitz egitean, azpimarratu zuten Jagoba Arrasate buru duen staff teknikoko profesionalekin asko hitz egiten zutela euskaraz eta horrek ere erraztu zuela harremana. Gainera, jokalari atzerritarrak euskarara hurbiltzea ere ekarri zuen, agurrak eta antzekoak euskaraz egitera ere animatu ziren batzuk. Bestalde, nabarmendu zuten gaur egun Lekunberrin duten kontsultan paziente askorekin egiten dutela euskaraz eta hizkuntzak laguntzen diela haiekin konfiantza eta konplizitatea lortzen, pazientea eroso sentitzeko.
LanEusKal egitasmoak azpimarratu nahi du lan munduan euskarak balio erantsia duela, pertsonen arteko komunikazioa errazten duela eta kalitatearen adierazlea dela. Lanbidean euskara erabili ohi duten profesional euskaldunak ekarriko dira ikasgeletara, esperientziak partekatzeko eta lanbidean euskararen erabilera sustatzeko.
Seihileko bakoitzean jakintza arlo bati lotutako solas bana antolatuko da, Donostiako eta Bilboko campusetan.
Deja un comentario