Alkoleako tuneleko lanak amaitu ondoren, Deba-Mutriku errepide berria ireki dute trafikoarentzat. Gaurtik aurrera, trafikoa irekia dago Mutrikuko GI-638 errepide berritutik.
Mutrikuarrek «lotura moderno, seguru eta lehiakorra» izango dute lurraldearen gainerakoarekin. Horrela esan dute Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Mutrikuko GI-638 errepidearen obrak gaur goizean bisitatu dituztenean, Alkoleako tunelean egiten ari diren lanak ikusteko. Lan horiek amaituta, Deba eta Mutriku arteko errepide berria irekiko da.
«Mutrikurekin eta inguruko biztanleekin genuen zor historikoa kitatzen dugu horrela», adierazi du Markel Olanok. Alkoleako tunela, 106 metro luze, obrako puntu kritikoenetako bat izan da. «Gidariek ez dute Alkoleako puntatik zirkulatu beharko, haren bihurgune itxiek zaildu egiten baitzuten bidea, gidarientzako arriskugarritasuna areagotuz», adierazi du diputatu nagusiak.
Errepideak lurraldeko gainontzeko herriekin eta Mendaroko ospitalearekin lotzen du Mutriku. Errepide berria irekitzean, trafikoa behin betiko trazaduratik mugituko da eta, beraz, oinezkoentzako pasealekua amaituko da. Gainera, diputatuek argitu dute, trafikoak libratzen dituen errepide zati horietan, Ipitxarrin eta Alkolean, lurrak txukunduko dituztela, eta ibilgailuak aparkatzeko guneak egokituko dituztela; aparkaleku horiek bateragarriak izango dira oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriekin.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, zenbait lan amaitzeke daude oraindik, hala nola garbigunearen aurreko plataformari eusteko horma, seinaleen erremateak, euste- eta argiztapen-sistemak, espaloiaren zoladura eta Ondarbeltz hondartzako hormaren estaldura. Lan horiek egin ahal izateko, zirkulazio erreietako bat okupatu beharko da.
Deja un comentario