Azken sei hilabeteetan Dbus bere lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen aritu da. Irizar Taldeak fabrikatutako ‘ie tram’ modeloan frogatu da lehen esperientzia pilotu hori. Enpresak zerbitzu jendetsu batean egin nahi zuen entsegua, eta horregatik ibilgailuak 28-Amara-Ospitaleak linean egin du lan. Hau da, Dbuseko erabilienean, eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen linean.
Dbusek dionez, «proba pilotu berritzaile» honi esker, «sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan da. Benetako baldintzetan eta bidaiariekin zein hutsik edo bidaiaririk gabe doala probatu da. Ibilbidean zehar kargatzeko Miramonen instalatu den azpiegitura elektrikoa frogatzeko probak ere egin dira».
Autobusak bukatu ditu jada zerbitzuko probak, baina urtarrilaren 31ra arte funtzionamenduan jarraituko du azpiegituraren froga gehiago egiteko. Gero, fabrikatzaileak eta Dbusek aterako dituzte behar diren ondorioak.
Proba hau beste urrats bat da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko helburuan. «Linea honetan, Dbusek 12 metroko hiru autobus %100 elektriko ditu eta beste proiektu pilotu batzuk lantzen ari da mugikortasun iraunkorragoa bultzatzen jarraitu ahal izateko».
Ibilgailuaren ezaugarriak
Irizarren ‘ie tram’-a «18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpen) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka eta estetika aerodinamiko erakargarria».
Kotxetegietan gauez egiten zuen kargaz gain, proba pilotuan «autobusak aukerako karga egiten zuen ibilbidean zehar, 28 lineak Miramonen duen linea buruko geltokian, hain zuzen», gaineratzen du Dbusek. Izan ere, geltoki horretan instalatu zen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura elektrikoa. «Azpiegitura bera ere Irizar Taldeak garatutakoa eta hornitutakoa zen. Kargarako, autobusak goiko aldean duen pantografoa zabaldu eta karga zutoinarekin konektatzen zen».
Deja un comentario