Cristina Enea Fundazioak bisita gidatuak antolatu ditu irailean eta urrian uraren ziklo integralaren fase ezberdinen kudeaketa ezagutzeko: Añarbeko urtegira eta Loiolako araztegira izango dira. Añarbeko Urak-en eskutik egingo dira, eta lehenengoa igande honetan bertan gertatuko da, Añarbera hain zuzen (ikusi datak beherago).
Bisita hautean parte hartzeko aldez aurretik eman beharko da izena Cristina Enea Fundazioaren webgunearen bidez. Bisiten prezioa 5 eurokoa izango da pertsonako, eta fidantza gisa ordainduko da. Fidantza hori jarduerara joan diren pertsonei itzuliko zaie jarduera amaitutakoan. Fidantza deskontu-bonu gisa bueltatuko da, ingurumenarekiko sentsibilitate berezia erakusten duten establezimenduetan kontsumoa sustatzeko. Hau da, produktu ekologikoak, sasoikoak, tokikoak edota bigarren eskukoak saltzen establezimenduetan erabiliko dira.
Bisiten datak:
– Añarbeko urtegira bisita: irailaren 26an, igandea (gaztelaniaz); urriaren 16an, larunbata (gaztelaniaz); eta urriaren 24an, igandea (euskaraz).
– Loiolako araztegira bisita: urriak 2, larunbata (euskaraz); eta urriak 31, igandea (gaztelaniaz).
Añarbeko presa
Bisita honetan Añarbeko presan dauden instalazioak eta egiten diren maniobrak ezagutuko dira, Gipuzkoako biztanleriaren % 44 urez hornitzen duena. Gainera, azpiegitura horiek klima-aldaketaren ondorioei nola aurre egiten dien erakutsiko da, hidrografikoa kontserbatuz, ur-hornidurako sistema horien erresilientzia handitzeko. Guzti hori urtegia inguratzen duen paisaia eta baso ederraz disfrutatzeko aukerarekin.
Iban Zubeldia Añarbeko Urak-eko Komunikazio Zerbitzuko buruak azaldu duenez, «bisita gidatuetara etortzen direnek erantzun ahal izango diete geure buruari egiten dizkiogun galdera askori, hala nola, presatik zenbat ur ateratzen den une bakoitzean, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen eta uholdeak izateko arriskua dagoenean
zer erabaki hartzen diren».
Loiolako araztegia
Loiolako Hondakin Uren Araztegia (HUA) ezagutzeko bisitak ere programatu dira, «uraren ziklo integraleko instalaziorik ezezagunenetako bat eta interesgarrienetako bat», Zubeldiaren arabera.
Klima aldaketaren ondorioetako bat uraren zikloaren aldaketa da, baita hirietan ere. Loiolako araztegira egindako bisita honetan, azpiegitura berezi hori eta etxeko eta industriako hondakin-urei eta euri-urei itsasora isuri aurretik egiten zaizkien saneamendu-tratamenduak ezagutuko dira. Era berean, tailer didaktiko bat egingo da, manipulazioan eta esperimentazioan oinarritua, saneamendu-prozesu bakoitzak eskalan nola funtzionatzen duen jakiteko.
Deja un comentario