Urteko lehenengo sei hilabeteetan 30 sexu eraso salatu dituzte Donostian, 2017ko epe berberean baino %43 gehiago. Gipuzkoan 13 bortxaketa salatu dira (%8 gehiago) eta askatasun sexualaren aurkako 92 delitu salatuak izan dira (%26 gehiago); Euskadin aldiz 39 bortxaketa salatu dira eta askatasun sexualaren aurkako delituak, aldiz, 319ra iritsi dira. Eta Estatuan 56 emakume hil dituzte bikoteak edo bikote ohiak.
Beraz, lan asko dago egiteke arlo honetan. Donostiako udalak eraso matxistak saihesteko prestatutako kanpaina prentsaurrekoan aurkeztu du Eneko Goia alkatea eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziaren bidez, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien ordezkariak (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta Irabazi) lagun zituztela. Aurkezpena egiteaz gain, minutu bateko isilunea egin dute atzo gertatutako eraso sexista salatzeko. Aurrez, gaitzespen agiri bat onartu du Udalbatzak.
Udaletxeak hautatu duen leloa “BAIetzik gabe EZETZA DA!” “Si no hay SÍ ¡ES NO!”. Goiak eta Agirrezabalagak azaldu dute Aste Nagusirako elkarlan estua egin dela Donostia Festakekin jai-guneetan eraso sexisten aurkako mezua argi zabaltzeko. Gainera, aurten 15.000 zapi banatuko dira Aste Nagusian
Abuztuaren 11n eta 12an Lurraldebus-en Donostiako autobus geltokira iristen direnek zapia hartu ahal izango dute 9:00tik 13:00ra, eta 16:00tik 20:00ra. Eta gainera, eraso sexisten aurkako mezua indartzeko, sei zapi handi jarriko dira Zurriolako zubiaren faroletan.
Aste Nagusian pankarta bat jarriko da udaletxean. Postontzietan jarduteko protokoloa eta hiri osoko zerbitzu publikoen laburpena banatuko dute. Herritarrei zuzendutako 100.000 eskuorri izango dira eta QR kode bat du, webgunerako lotura duena. Hala, “ikusmen murriztua” dutenek ere informazioa jaso ahal izango dute.
Neskentzako eskuorri batzuk banatuko dira, erasoak eta harremanetako tratu txarrak saihesteko aholkuekin. Mutilak, berriz, eraso matxisten aurkako jarrera aktiboa izatera gonbidatuko dira. Liburuxka hauek berdintasunean, autodefentsan eta indarkeria sexistaren prebentzioan espezializatutako hezitzaileek banatuko dituzte.
Aste Nagusian informazio gune finko bat jarriko da Bretxa inguruan. Ostalaritzaren sektorearekin batera lan egingo dute eta taxistek ere informazio eguneratua jaso ahal izango dute. DBus-en pantailetan kanpainaren publizitatea jarriko da, arretarako telefonoekin.
Azkenik, aurten kanpaina sendotu egingo da sare sozialetan. kanpainaren leloarekin: #ezezetzda #niksinistendizut #noesno #yositecreo.
Deja un comentario