Bihar hasiko da LUMAfest! jaialdiaren laugarren edizioa, apirilaren 3, 4 eta 5ean Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Santa Teresa Komentuan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatutako ekitaldi honek lehen mailako idazleak bilduko ditu gazteentzat, hala nola Allison Saft, Alice Kellen edo Joana Marcús. Hain zuzen ere, Marcusen hitzaldirako sarrerak hogei minututan agortu ziren.
Gainera, aurten partaidetza errekorra lortu duten mikrokontakizunen lehiaketako sariak banatuko dira. Zehazki, 111 idazki jaso dira, horietatik 70 euskaraz eta 41 gaztelaniaz. Horrek esan nahi du parte-hartzea nabarmen handitu dela; izan ere, zifrarik onena 2022an lortu zen, 102 mikrokontakizun aurkeztu baitziren, eta horietatik 29 baino ez zeuden euskaraz idatzita. Hala, bihar arratsaldean euskarazko mikrokontakizun onenaren irabazlea izendatuko da, eta larunbatean, gaztelaniazko mikrokontakizun onenaren saria emango da.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak positiboki baloratu ditu datuok, eta adierazi du “gazteek literaturarekiko duten gero eta interes handiagoaren isla” direla. «Lehiaketako parte-hartze errekorrak erakusten du, gainera, idazle belaunaldi berrientzako erreferentziazko espazio gisa ezarri dela LUMAfest!, eta euskarak lekua irabazten jarraitzen duela literatur sorkuntzan. Kultura sailetik irakurketa, idazketa eta sormenezko adierazpena sustatzen duten jarduerak babesten eta sustatzen jarraituko dugu”, esan du.
Gainera, aurtengo ediziorako kartel berria diseinatu da, Paula Estevezen eskutik, eta hurrengo edizioetan ere erabiliko da, jaialdiaren identitate bisuala indartzeko eta irudi ezagun eta egonkor bat izateko, ekimenaren espiritua jasoko duena. Kartelak estilo ausart eta feminista du, eta ideia hau jasotzen du: irakurketak ateak irekitzen dituela, eta gure subjektibotasuna gainditzen duten beste esperientzietara sarbidea eskaintzen duela.
Allison Saft, lehen aldiz Estatuan
Nabarmentzekoa da The New York Times egunkarian salduenen zerrendan agertu izan den Allison Saft estatubatuarrak Estatura egingo duen lehen bisita hartuko duela jaialdiak. Gainera, Joana Marcús eta Alice Kellen idazle nazional ospetsu eta ezagunek parte hartuko dute. Aipagarria da, halaber, Lur Gallastegi ‘Go!azen’ EITBko telesail ezaguneko liburuen egileak LUMAfest-en! ‘Zurriola beach hostel’ nobela berria aurkeztuko duela. Gallastegik mahai-inguru batean parte hartuko du Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolariarekin batera. Azken hau ‘Bar Gloria’ bere lehen eleberriagatik da ezaguna literaturaren arloan.
Egitarauari dagokionez, ohiko formatuetatik aldendutako saioa antolatu da aurten, Formol Laborategia kolektiboaren eskutik. Beraien ‘Album’ argitalpenetik abiatuta, hitzaldi baten eta irakurketa dramatizatu baten arteko hibridazioa eskainiko dute.
Azkenik, Bruno Puelles antzerki irakasleak eta Lidia Ciprés egileak, sare sozialetan literatura dibulgatzeagatik ere ezaguna denak, hitzaldi bat emango dute, eta, haien azken liburuetatik abiatuta, girotzeak eta pertsonaiak sortzeko teknikei buruz hitz egingo dute.
LUMAfest!-ekin Kolaborazioak
Horrez gain, LUMAfest!-ek inguruko eragile eta espazio literario ezberdinen arteko sareak josi nahi ditu. Horretarako, Elkar bezalako argitaletxeak inplikatzen ditu, eta sektoreko enpresen lankidetza bilatzen du, hala nola FNACena, zeinak Donostian duen egoitzan txoko bat eskainiko baitio jaialdiari, gonbidatutako egileei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Gainera, Gipuzkoako Liburu-saltzaileen Gremioak mikrokontakizunen lehiaketako sariak ematen ditu, eta liburu-denda independenteek ere parte hartzen dute; esaterako, Ebla liburu-dendak saltoki bat jarriko du jaialdian bertan.
Aldi berean, Urdaneta kaleko egoitza itxita dagoen bitartean, Reyes Católicos kaleko mailegu zerbitzua mantentzen duen KMK liburutegiak apirilaren 5era arte, non gaztelaniazko eta euskarazko gazte generoko literatur berrikuntzak eskainiko diren. Programa.
Deja un comentario