Inicio » Idiomas » Euskera » Bihar hasiko da ‘Irla mortu bat’, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek antolatutako zinema programa
Planak

Bihar hasiko da ‘Irla mortu bat’, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek antolatutako zinema programa

Tabakaleran, Donostian, igandera arte ziklo honek bederatzi film eta bi instalazio jasoko ditu

EQZEko ikasleak. Argazkia: EQZE

Elías Querejeta Zine Eskolako Komisariotzako ikasleek ‘Irla mortu bat. Zinema programa bizigarri bat’ programa publikoa antolatu dute Tabakaleran, Donostian, bihartik igandera, apirilaren 9tik 14ra. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta EQZEren artean antolatutako ziklo honek bederatzi film jasoko ditu zinema aretoan egingo diren sei saioetan, eta aste osoan zabalik egongo diren bi instalazio, zentroko ikasleek ekoitziak.

Irla mortu batera iristeak zerikusia du berriro hastearekin, aukera berriak esploratzearekin. Zer espero dugu kontinentetik urrun? Bakardadearen larritasuna? Askapenaren desira? Ziklo honetako filmek galdera horiek eta beste batzuk egiten dituzte, eta ikusleak gonbidatzen dituzte pentsatzera nola bizi leku batean, nola planteatu elkarrekin bizitzea, nola irten isolamendutik elkar aurkitzeko.

Apichatpong Weerasethakulen Blissfully Yours filmak (2002) abiatuko du programa bihar, asteartean. 35 mm-tan proiektatuko da, jatorrizko hizkuntzan, euskarazko eta ingelesezko azpidatziekin. Etzi, Operai, contadini emango dute, Danièle Huillet y Jean-Marie Straubena (2001). Ostegunean, bi saio bikoitz egongo dira. Lehenik, Maximilian Bungartenen The Age of Innocence (2022) eta Luis Esguerra EQZEko bosgarren promozioko ikaslearen Tú me hiciste ver el cielo (2023). Ondoren, Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren Bloom (2023) eta Sílvia das Fadasen A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (2018). Bigarren saioan Das Fadas bera egongo da, eta, filma aurkezteaz gain, proiektatu ere egingo du, 16 mm-tan. Hilaren 12an, azken bi saioak egingo dira. Lehenengoan, Miryam Charlesen Vole, vole tristesse (2015) eta Rhayne Vermetteren Ste. Anne (2021) erakutsiko dituzte. Eta itxierako emanaldian, Sharon Lockharten Eventide (2022).

Bi instalazioak benetako irlei buruzkoak dira, Donostiarekin eta inguruko lurraldeekin lotura zuzena duten irlei buruzkoak, gainera. Deva Peredaren Lika ikus-entzunezko instalazioa (EQZEko bosgarren promozioko ikaslea da) Bidasoa ibaira eta mugara hurbiltzen da, begirada Faisaien Uhartean finkatuta, Espainia eta Frantziako muga administratiboetatik agertu eta desagertzen den uhartean, alegia. Ana Júlia Silvinoren ODOYÁ EZ DAGO! soinu instalazioa (EQZEko ikaslea da egun) Santa Klara uhartean egindako entzute aktiboko ariketa bat da, ikusten ez denari eta hautematen duen gorputz etorkinari buruzko fikzio espekulatibo bat.

Asteartetik igandera, Lika Tabakalerako 2 Nabean egongo da ikusgai, 16:00etatik 20:00etara. ODOYÁ EZ DAGO!, berriz, Plazan, beheko solairuan, igogailuen parean, eraikina zabalik dagoen bitartean. Biak doan izango dira. Bi artistek elkarrekin aurkeztuko dituzte beren lanak, apirilaren 10ean, 17:30ean, Plazan.

Elkarrizketak dituzten filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dira, azpidatzita. Sarrerak Tabakaleraren webgunean eta leihatilan daude salgai. Prezioa 4 euro da (deskonturik gabe).


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete