Martxoaren 3an, Nazio Batuek Basa Bizitzaren Munduko Eguna ospatuko dute planeta osoan, «gure inguruan elkarrekin bizi diren fauna eta flora basatien forma eder eta askotarikoak» goraipatzeko. Europar gehienen eguneroko ingurunea hiria dela dirudi, eta hiribiodibertsitatea gero eta nabarmenagoa da, aukera paregabea baita natura-ondarea zabaltzeko eta balioesteko.
Testuinguru horretan, Aranzadi Zientzia Elkarteak BiArteko Mugiren hasiera iragarri du. Erronka hori Kutxa Fundazioak finantzatu du, eta Chillida Leku Museoak, Bizikletaz Adinik Ez GKEak (BAE) eta Ikasplay enpresa teknologikoak osatutako erakundeen arteko aliantza batek garatu du, Donostiako Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) hasierako laguntzarekin. Helburua: hiriko biodibertsitateari balioa ematea, mugikortasuna sustatuz eta hirian bizi diren basa-espezieek prozesu ekologiko eta ebolutibo liluragarriak nola gordetzen dituzten erakutsiz.
Zientzia, artea eta teknologia batzen dituen diziplinaz gaindiko proiektua
• Mugikortasuna eta txikiarekiko jakin-mina: 2025 eta 2026an zehar, BiArteko Mugik ibilbide eta esku-hartze artistikoak diseinatuko ditu Donostian zehar, egunerokotasunean oharkabean igarotzen diren espezie txikiak ikusarazteko, haien garrantzi ekologikoa eta hiri-inguruneak hartzen dituen askotariko egokitze-harremanak azpimarratuz, hirian barrena ibiltzera gonbidatuz eta Donostiako hainbat tokitan kokatutako multimedia-edukiekin eta QRekin elkarreraginez.
• Artea eta teknologia dibulgazioaren zerbitzura: Interbentzio artistikoak (2026an Chillida Lekuk koordinatuko duen egoitza sortzaile batean asmatuak) hainbat berdegunetan erakutsiko dira, kultura- eta dibulgazio-ibilbide bat osatuz. Gainera, aplikazio mugikor bat garatuko da, sedentarismoa sustatu beharrean, gure natura-ondarea ezagutzeko.
• Gizarteratzea eta herritarren parte-hartzea: BAEk bere trizikloak jarriko ditu mugikortasun urriko pertsonek ibilbideekin bat egin dezaten. Parte hartzeko guneak ere irekiko dira, herritarrek ideiak, iradokizunak eta kezkak proposa ditzaten, belaunaldien arteko harremanak sustatuz eta genero-ikuspegia indartuz.
Carlos Cabido proiektuaren zuzendarikide eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ekologoak azaldu duenez: «Espezieak hautespen naturalak zizelkatu eta gure inguruan ikusgai jarritako artelanak dira. Biodibertsitatea eta artea oso antzekoak direla erakutsi nahi dugu. Eta, gainera, hirian, gure eguneroko begiradapean, fenomeno ekologiko eta ebolutibo zirraragarriak ezkutatzen direla ikusaraztea, hiria ikasgela bizi bihurtuz».
Bestalde, Beatriz Díaz proiektu honen zuzendarikide eta ekologoak honako hau azpimarratu du: «Erronka guztiaren oinarrian dagoen ideia herritarrak natura-ingurunearen babesean inplikatzea da, ezagutzen eta baloratzen duguna zaintzen baitugu. Gainera, Biarteko Mugik hiri-biodibertsitateari balioa eman nahi dio, hurbiltasuneko natura edo «0 Km-ko biodibertsitatea» baliatuz hiri-inguruneetan, gure mugikortasun aktiboa areagotuz eta eremu babestuetan dugun inpaktua murriztuz «.
Deja un comentario