Inicio » Idiomas » Euskera » Besteak beste, Bertrand Bonello, Mati Diop, Takashi Miike eta Diao Yinan lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko
Zinemaldi

Besteak beste, Bertrand Bonello, Mati Diop, Takashi Miike eta Diao Yinan lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko

Zabaltegi-Tabakalerak, Zinemaldiko sail irekienak, 19 lan hartuko ditu bere lehiaketan; besteak beste, Bertrand Bonello, Mati Diop, Takashi Miike eta Diao

Zabaltegi-Tabakalerak, Zinemaldiko sail irekienak, 19 lan hartuko ditu bere lehiaketan; besteak beste, Bertrand Bonello, Mati Diop, Takashi Miike eta Diao Yinan zinemagileek ekarriko dituzte beren lanak. Lau estreinaldi hartuko ditu sailak eta, gainera, aurrez Berlin, Cannes eta Locarnoko lehiaketetan aurkeztutako hainbat lan hautatu dira. Guztira, hamahiru film luze, film ertain bat, lau film labur (horietako bat animaziokoa) eta sail bat bildu dira.

Lau ekoizpenek munduko estreinaldia izango dute sailean. Ficción privada-n, Andrés di Tellak (Buenos Aires, 1958) familiako oroitzapenak aztertuko ditu bere gurasoek duela hainbat urte elkarri idatzitako gutunen bidez. Zinemagilea Donostiara itzuli da Zabaltegin 327 cuadernos (2015) erakutsi eta gero. Filmarekin batera arte-instalazio bat jarri zen Tabakaleran, eta urte hartan bertan foku bat egin zitzaion hantxe ere. Justin Websterrek (Aldershot, Erresuma Batua, 1963), Muerte en León (2016) eta El fin de ETA (Zinemira, 2016) lanen egileak, Nisman kasuaren ikerketari buruzko sail bat estreinatuko du: El fiscal, la presidenta y el espía.

592 metroz goiti (2018) film laburrarekin Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu ondoren, Maddi Barber (Lakabe, Nafarroa, 1988) berriz itzuli da sailera Urpean lurra film ertainarekin, non berriz ere arretaz begiratuko baitio Itoizko presari. Laugarren mundu-estreinaldia Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) Lursaguak izango da, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak film laburren katalogoan dagoen lan bat. Aurrez ere Belodromoan emanaldia izan du zuzendariak, Hotzanak, For Your Own Safety (Zabaltegi, 2013) lanarekin eta Kalebegiak (2016) talde-filmeko Kutxa beltza atalarekin. Azkenik, Anthony Marcianok (Frantzia, 1979) nazioartean estreinatuko du bere hirugarren film luzea, Play, bideo-kamera baten bidez belaunaldi oso baten erretratua egingo duen gazte bati buruzkoa.

Angela Schanelecek (Aalen, Alemania, 1962) Ich war zuhause, aber / I Was At Home, But aurkeztuko du, hamar egunez arrastorik utzi gabe desagertuko den seme baten amari buruzko istorio bat. Zuzendaria ohiko parte-hartzailea da Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdietan, eta film horri esker zuzendaritza onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlingo azken zinema-jaialdian. Hango Sail Ofizialean parte hartu zuen, halaber, Alemaniako lehiaketan ezaguna den Denis Côté zinemagile eskarmentudunak (New Bruswick, Kanada, 1973). Répertoire des villes disparues (Ghost Town Anthology) filmean, gertakari bitxi batzuk bizi dituen Quebeceko herrixka batera hurbilduko da kanadarra.

Jean-Gabriel Périotek (Bellac, Frantzia, 1974) New Directors sailean parte hartu zuen Lumières d’été (2016) filmarekin, eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Une jeunesse allemande (2015) eta Song for the Jungle (2018) lanekin. Azken sail horretara ekarriko du Nos défaites / Our Defeats, berrinterpretazio-jolas batez baliatuta politikarekin ditugun harremanak irudikatzen dituen film bat. Périotek Berlinale Forum sailean parte hartu zuen lan harekin, Callisto McNulty (Paris, 1990) zuzendari hasiberriak Delphine et Carole, insoumuses filmarekin bezala. Lan horretan, 70eko hamarkadako feminismoaren bihotzerako bidaia proposatzen du, Delphine Seyrig aktorearen eta Carole Roussopoulos bideo-artista aurrez aurre jarririk.

Orobat, Berlinale Shorts sailean egondako hiru film labur programatu dira. Sail horretan Urrezko Hartzaren irabazle suertatu zen Blue Boy, Alemaniako hiriburuan lan egiten duten zazpi sexu-langileen gaineko erretratuari esker. Manuel Abramovichek (Buenos Aires, 1987) bigarren aldiz parte hartuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean lan horrekin; aurrez, Soldado ekarri zuen (2017), eta ondoren 2018an Ikusmira Berriak programarako hautatu zuten El oasis proiektua. Bigarrenik, Martín Rejtmanen (Buenos Aires, 1961) lanek ere hainbat sail igaro dituzte Donostian, eta aurten Nest Film Students saileko epaimahaiko presidentea izango da. Gainera, Shakti film laburra aurkeztuko du, amonaren heriotzaren egunean neska-lagunarengandik banantzea erabakiko duen mutil bati buruzkoa. Berlinale Shorts sailean izandako hirugarren eta azken filma Leyenda dorada da. Kimuak ekimenean hautatu dute, halaber. Ion de Sosak (Urnieta, 1981) eta Chema García Ibarrak (Elx, 1980) zuzendu dute; azken horrek Zabaltegi-Tabakalera sariaren Aipamen Berezia irabazi zuen La disco resplandece (2016) film laburrarekin.

Bestalde, Atlantique / Atlantics Mati Diopen (Paris, 1982) lehen lana erakutsiko du Zinemaldiak. Dakarreko langile batzuk etorkizun hobe baten bila itsasoratzen direnean hasten da filma. Hari esker, Cannesko Sail Ofizialean Epaimahaiaren Sari Nagusia eraman zuen zuzendari frantses-senegaldarrak. Zinema-jaialdi hartan lehiatu zen Diao Yinan ere, Bai ri yan huo (Black Coal, 2014) filmarekin Berlingo Urrezko Hartza irabazi ondoren. Bere azken lanean, erredentzio bila ari den gangster bat eta berriz aske izateko ahaleginetan ari den prostituta bat bildu ditu Nan Fang Che Zhan de ju hui / The Wild Goose Lake izenburuko filmean.

Nocturama (2016) filmarekin Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu eta Sarah Winchester, ópera fantôme (2016) Zabaltegira ekarri ondoren, Bertrand Bonello (Niza, 1968) azken sail horretara itzuliko da Zombi Child-ekin. Filmaren abiaburua 1962. urtea da, baina 55 urteren ondoren jarraituko du, Frantziako hiriburuan. Bestalde, Takashi Miikek (Yao, Osaka prefektura, Japonia, 1960) Hatsukoi filmarekin parte hartuko du. Zuzendariak boxeolari bat, prostituta bat, polizia ustel bat eta yakuza bat elkartu ditu bere filmografian ezagunak diren beste pertsonaia batzuen artean. Bonellok bezala, Miikek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen film hori.

Damien Manivelek (Brest, Frantzia, 1981) Veneziako Orizzonti sailean eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen La nuit ou j’ai nagé (2017) filmarekin. Aurten, Les enfants d’Isadora / Isadora’s Children izeneko lanarekin itzuliko da sailera, hari esker Locarnoko zinema-jaialdian zuzendari onenaren saria irabazi berritan. Filmean, lau emakumek berriz topo egingo dute Isadora Duncanek 1913an bere bi haurrak hil ondoren sortu zuen bakarkako dantzarekin. Locarnon programatu da, halaber, L’île aux oisaux /Bird Island, Maya Kosa (Geneva, Suitza, 1985) eta Sergio da Costa (Lausana, 1984) zinemagileen lankidetza berria, non gazte batek berriz ezagutuko baitu mundua txorientzako errehabilitazio-zentro batean. Anna Sofie Hartmannek (Nakskov, 1984) New Directors sailera ekarri zuen bere lehen lana, Limbo (2014), eta oraingoan Giraffe filmarekin itzuli da. Alemania eta Danimarka elkartzeko tunel baten ondorioz betiko aldatuko den eremu bateko langileen eta biztanleen ikuspuntuak aztertuko ditu haren bidez. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen, lehiaketaz kanpo.

Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek aukeratuko du Zabaltegi-Zabakalera sariaren irabazlea. Orotara 20.000 euro banatuko ditu sariak: 6.000 filmaren zuzendariari, eta gainerako 14.000 euroak, filmaren Espainiako banatzaileari.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Día mundial del retrete
Kutxa Fundazioa
Didoe