Super Amara Bera Berak gaur goizean ezagutu ditu EHF Kopako taldekako fasean aurrean izango dituen aurkarien izenak. Vienan izan da zozketa, eta gipuzkoarrak D Multzoan erori dira, han ere SCM Craiova (lehiaketa honen indarreko txapelduna), Kroaziako Podravka Vegeta eta Nykobing Falster daniarra daudelarik.
Hauxe izango da egutegia, klubak sare sozialetan publikatu duenez. Hasteko, Bera Berak Podravka kroaziarra bisitatuko du (urtarrilak 6, igandea); gero Craiova hartuko du (12, larunbata); eta jarraitzeko neurketa bikoitza biziko du Nykobing Falster taldearen kontra, kanpoan (20) eta etxean (27). Otsailaren 2an (larunbata) Podravka hartuko du Donostian, eta bukatzeko Craiovaren kantxan arituko da (9, larunbata). Ametsa bi hoberenen artean kokatzea eta final laurdenetara sartzea da.
Bera Bera klubaren eskubaloiaren arduraduna den Tati Garmendiak une honetan kontrako guztiak gogorrak izango zirela bazekitela dio. Beraz, bidaien erosotasuna zen benetako nahia. Eta ez da guztiz ondo atera: “Rusia kenduz, Errumania ez genuen nahi”, oso urruti dagoelako, baina Craiova indartsua egokitu zaie. Beste biak ere talde handiak dira, ziurtatzen du.
“Europan eskarmentu handia hartzea” da gipuzkoarren lehentasuna, “gure jokalariak gero eta hobeagoak izan daitezela”. Eta, “puntuak eskuratzeko gai bagara, oraindik hobeto”. Liga eta EHF Kopa konbinatzeko “planifikazioa” behar du taldeak. Baina “hoberenekin gaude, Donostiara eta Gipuzkoara ekarriko ditugu: honetaz gozatu behar dugu ere”.
Deja un comentario