Lan hauek aurkeztuko dira Antonio Elorza Belodromoan, 2.500etik gora ikuslerentzat lekua duen zinema-aretoan: Leticia Dolerak sortutako Vida perfecta telesail osoa, Víctor Monigote eta Eduardo Gondell zuzendarien La gallina Turuleca animazio-filma, eta Sua – Irabazi arte dokumentala, Realak Erreginaren kopa lortu aurreko asteari buruzkoa.
Igandean, hilak 22, 17:00etan, osorik estreinatuko da Vida perfecta / Perfect Life telesaila. Leticia Dolera (Bartzelona, 1981) da sortzailea. Aurrez, zenbait film labur eta Requisitos para ser una persona normal film luzea (Made in Spain, 2015) zituen eginak. Lehenengo bi atalak proiektatuta telesail onenaren saria lortu zuen Vida perfecta-k Canneseries zinema-jaialdian, eta antzezpen-sari berezia eraman zuten Dolerak berak, Aixa Villagránek eta Celia Freijeirok, gizartearen estandarren araberako ‘bizitza perfektua’ eraman ezinari aurre egin behar dioten hiru emakumeek. Elena Martín, Ginesta Guindal eta Dolera izan dira telesailaren zuzendariak.
Larunbatean, hilak 21, 17:30ean, La gallina Turuleca animazio-filma proiektatuko da arratsaldean. Víctor Monigote (Madril, 1967) eta Eduardo Gondell (Buenos Aires, 1961) dira zuzendariak. Monigotek, besteak beste, Cándida, Camino eta Mortadelo y Filemón: Misión salvar la Tierra filmen storyboard-akegin ditu. Gainera, Mortadelo y Filemón contra Jimmy el Cachondo filmean zuzendaritza artistikoaz arduratuta Goya sarirako hautagaitza eskuratu zuen. Bestalde, Eduardo Gondell Gaturro, Boogie el aceitoso eta Don Gato y su pandilla animazio-film luzeetan aritu da zuzendaritza- eta ekoizpen-lanetan.
Joan den maiatzaren 11n, Granadan finala jokatu eta Erreginaren Kopa lortu zuen Realeko emakumeen taldeak. Aurreko egunetan ikus-entzunezkoen arloko talde bat izan zen haiekin, eta Aurkene Arizak eta Mikel Fuentesek zuzendutako dokumental hau izan da emaitza. Bertan jaso dira Donostiako kluberako historikoa izan den garaipen horri bide eman zioten gogoa eta giroa. Emanaldia ostiralean izango da, irailak 27, 19:30ean.
Gainera, larunbatean, hilak 21, 12:00etan, Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak berak antolatutako kontzertua hartuko du Belodromoak. Ikuskizunak soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta musika hori oinarritu zuten eszenen muntaia uztartzen ditu.
Azkenik, eta ohikoa den bezala, Zinemaldia itxiko duen ekitaldiaren emanaldia egingo da Belodromoan. Perlak saila itxiko duen filma (The Climb), Sail Ofiziala itxiko duena (The Song of Names) eta 67. edizioko sari-banaketa proiektatuko dira 18:15etik aurrera.
Deja un comentario