Inicio » Idiomas » Euskera » Basque Teameko Nadia Erostarbe surflariak WCTn debuta egin eta lehen kanporaketa gainditu du Lexus Pipe Pro proban

Basque Teameko Nadia Erostarbe surflariak WCTn debuta egin eta lehen kanporaketa gainditu du Lexus Pipe Pro proban

Zarauztarrak historia egin du, estatu mailan elitearekin, munduko zirkuitorik onenaren proba batean, lehiatu den lehen emakumea izan delako

Nadia Erostarbe. Basque Team.

Nadia nekatuta eta penatuta zegoen bere surfik onena atera ezin izan duelako, baina oso ilusionatuta Hawaiko Lexus Pipe Pro txapelketan debutatu duelako, Munduko zirkuiturik zorrotzenean, WCTn.

«Oso egun berezia izan da niretzat, CTn debutatu dudalako. Oso egun polita izan da, baina urduritasun handia izan dut, hain lehiaketa garrantzitsuan ondo egin nahi nuelako. Pozik nago pasatzeagatik, baina nahiko nuke surf hobea erakutsi. Txanda zaila izan dut, 15 minutuko break batekin eta hasieran akats batzuk izan ditut, olatuak aukeratzerakoan. Nolanahi ere, txandaren amaieran, gogo handiz, egoerari buelta eman ahal izan diot. Bi olatu on hartu ditut eta bigarren postuan pasatu naiz. Hurrengo kanporaketan dena emateko gogoa dut», adierazi dio Basque Teami jardunaldia amaitu ostean.

Zarauzko surflariak bigarren postua lortu du Lexus Pipe Pro txapelketako hasierako txandan, final-zortzirenetan postu bat bermatuz. Nadia Erostarbek aurrera atera du txanda, iraunkortasunari, fedeari eta amore ez emateari esker.

Gizonezkoen sei orduko lehiaketaren ondoren, haizea sartu da  eta serieek luze jo dute. Baldintza horietan iritsi da Nadiaren txanda, Caroline Marks eta Bella Kenworthy estatubatuarren aurka. Hau da, munduko txapeldun bat eta 18 urteko talentu gazte bat, CTrako sailkatu dena Ballito Pro irabazita.

Lehen 20 minutuetan bete egin da aurreikusitako gidoia, Caroline Marks izan da nagusi, zazpi puntuko olatuari esker, eta Kenworthy eta Erostarbe bigarren postua lortzeko lehian geratu dira.

Nadia urduri samar ibili da eta maniobra erraz samarretan eta olatuen aukeraketan huts egin du. Hala ere, amaierarako bost minuturen faltan, txandako olatu handienetako batek, bira bakarra, oso indartsua, egiteko aukera eman dio, eta epaileek laukoarekin baloratu dute, bigarren postuan jartzeko aukera emanez.

Amaierarako bi minutu besterik falta ez zirenean, Nadiak beste olatu bat zamalkatzeko aukera aprobetxatu du, eta backside surfing bat erakutsi du, hainbat maniobrarekin. Horrek aurrera egiteko emaitza eman dio. Caroline Marksek (AEB) 11.83ko emaitza izandu, Nadia Erostarbek (EUK) 7.17koa eta Bella Kenworthyk (AEB) 6.67koa. 

Aurreikuspenen arabera, ekaitza izango da Hawaiin datozen bi egunetan gutxienez, eta, beraz, txapelketak etenaldia izango du. Ondoren, beste egun bat beharko dute gaur hasi den nesken txanda eta 2. txanda bukatzeko. Beraz, Nadia Erostarbek eta Guillermo Gutierrez entrenatzaileak atseden egun batzuk izango dituzte.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa
Didoe
Nace cada día