Bihar, Donostiako Lan Arloko 5 zenbakidun Epaitegian, Esteban Perezek egindako demanda epaituko da, 09:30ean. Perezek 1969az geroztik Pedro Orbegozo/Acenorren mantentze mekanikari gisa egin zuen lan. Epaiketa hasi baino hamar minutu lehenago elkarretaratzea egingo da atean, langileari babesa emateko
ASVIAMIE amiantoaren biktimen elkarteak aditzera eman duenez, Osalanek 2019ko apirilean egindako txostenak baieztatzen du, Perez material toxiko horrekin harremanetan egon zela aipatutako enpresan lan egin zuenean. «Amianto izpiak erraz askatzen ziren eta arnas babesik erabiltzen ez zuenez, arnastu ahal izan zituen”.
«Amiantoarekiko esposizio hori gertatu zen enpresak arriskuaren berri eman gabe, indarrean zegoen legedia bete gabe eta garaiko araudiaren arabera eska zitezkeen segurtasun, edo babes neurriak hartu gabe», salatu du ASVIAMIE-k.
Egon zitezkeen arriskuei buruzko informaziorik ez zegoenez eta enpresak prebentzio araudia betetzen ez zuenez, Perezek biriketako minbizia garatu zuen, eta, 2020ko ekainaren 26an, Arabako Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezgaitasun iraunkor osoa eman zion.
Hori dela eta, Esteban Perezek 266.929 euro eskatu ditu kalte-ordainen, eta ASVIAMIE elkarteak elkarretaratzea egingo du 9:20ean, Donostiako epaitegien aurrean, elkartasun moduan, konpentsazio funtsa eskatzeko.
Deja un comentario