Inicio » Idiomas » Euskera » Artikutzak bere patroiaren jaiak ospatukoditu abuztuaren 28an

Artikutzak bere patroiaren jaiak ospatukoditu abuztuaren 28an

San Agustin Eguna ate irekien eguna izango da Artikutzan

Datorren asteazkenean, abuztuak 28, Artikutzako finkak San Agustin patroiaren eguna ospatuko du. Egun horretan, Artikutzak ateak irekiko ditu, Nafarroan kokatuta dagoen baina Donostiaren jabetzakoa den finka hori ezagutu nahi
dutenentzat.
Ohikoa den moduan, hainbat ekitaldi antolatu dira egun horretarako:

· 11:30 Pilota-partidak

17:00 Herri-kirolen erakustaldia

· 20:00: Dantzaldia

Egunean zehar artisau-produktuen erakusketa eta salmenta postuak egongo dira, bai eta bi txosna ere, festaz gozatzera bertaratzen diren guztiek zer jan eta edan izan dezaten.

Artikutzako sarbidea hobetu egin da hainbat esku-hartzeren ondoren: besteak beste, herrira sartzeko errepidearen zenbait bihurgunetan babes-hesiak jarri dira, seinale bertikalak hobetu dira eta plaka islatzaileak jarri dira, gidatzea seguruagoa izan dadin, batez ere ikuspen gutxiko egunetan edo gauez. Urtea amaitu baino lehen, atezaindegitik herrixkara jaisten den errepideko asfaltoa hobetuko da.

Finkaren mugak identifikatzen dituzten informazio-seinaleak ere jarri dira, eta Beltzuntzako mendi-lepoan sartzen den 5 km inguruko pista ere konpondu da.

Artikutza Natura

Artikutzako finkak jarduera ugari egiten ditu urtean zehar, bertako balio naturalak mantentzeari lotuta. Duela urte batzuetatik hona, ingurumen-hezkuntzako eta dibulgazioko programa bat garatzen ari da, Artikutza Natura izenekoa. Programa horren barruan eskola bat eta ikasleentzako bisita gidatuak eskaintzen ditu, eta 2023an, 420 ikaslek parte hartu zuten, 18 taldetan banatuta.

«Helburua da Artikutzak dituen natura-balioak ezagutaraztea, eta, horretarako, finkako mendi-bideak zeharkatzea, naturarekiko zuzeneko harremana erraztuz eta ingurumena zein gure natura-ondarea kontserbatzeko kontzientziazioa
azpimarratuz. Horretarako, egiten diren bisita eta jarduera guztiak modu kontrolatuan egiten dira, ingurune naturalean eragin zuzenik ez dezaten», nabarmendu du Juantxo Marrero Ekologiako zinegotziak.

Era berean, igandeetan, bisitaldi gidatuak egiten dira finkan zehar, luzera eta zailtasun desberdineko ibilbideekin. 2023an, 18 bisita egin ziren guztira, eta 265 pertsonak parte hartu eta gozatu zuten jarduera horretaz.

Biodibertsitatea

Artikutzan garatzen ari diren programetako bat Pirinioetako muturluzearen etengabeko jarraipena da. Galzoriko espezie gisa katalogatuta dago, eta gainbehera handia izan du Iberiar Penintsula osoan.
«Artikutzak ur-ohituretako ugaztun horren populazio egonkor bat du, baina espeziearen, ohituren eta mugimenduen jarraipen zorrotza egiten ari gara, isolatuta dagoen espeziea denez, etorkizun zalantzagarria baitu», esan du Marrerok.

Aterpetxea

Eskari handiko zerbitzua da oraindik. Asteburu guztietan dago okupatuta, baita oporraldietan ere.
2023an, 10-32 pertsonako 73 taldek erabili zuten Artikutzako aterpetxea.

Presa

2019an urtegia hustu ondoren, eta etorkizunean zein jarduketa egingo den zehaztu arte, faunaren azterketa bat egingo da berriro, bai presatik ibaian gora, bai ibaian behera, eta emaitzak alderatu egingo dira hustu aurretik eta urtegia hustu eta berehala egin ziren azterlanekin. Era berean, jarraipena emango zaie ehun urtetik gorako haginen populazioari buruzko azterlanei.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Didoe
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete