Urtero Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak, ekaineko hirugarren asteburuan, antolatzen dituen Arkeologiari buruzko Europako Jardunaldiak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak tailer bat antolatu dute, eta tartean bisita gidatu bat, arkeologiako eta paleontologiako analisi teknika berriak ezagutarazteko, «Ikertu Gordailuan» programaren barruan.
Tailerra bihar, ostirala, ekainak 14, izango da, bi saiotan: 16:00etatik 18:00etara gaztelaniaz, eta 17:15etik 19:15era euskaraz. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, telefonoz deituta (943415178), edo mezu elektroniko bat bidalita ([email protected]). Tailerrean edonork parte har dezake eta doan izango da ([email protected]).
Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak prentsa ohar batean adierazi duenez, tailerrak arkeologiaren eta paleontologiaren munduan murgiltzeko aukera paregabea ematen du, eta zientzialariek gure iraganeko sekretuak argitzeko erabiltzen dituzten analisi teknika berriak ezagutaraziko dira. Jarduera interaktiboen eta erakustaldi praktikoen bidez, arkeologiara eta paleontologiara hurbilduko gara, eta iraganeko gizon-emakumeen elikadura eta erabiltzen zituzten metalen jatorria azalduko digute. Gainera, etorkizuneko belaunaldientzat ondare arkeologikoa kontserbatzea eta zaintzea ahalbidetzen duten dokumentazio grafikoko teknika modernoei buruzko azalpenak emango dira tailerrean. Bisita gidatuaren bidez, tailer horrek gizartean kultura arkeologiko arduratsua sustatu nahi du.
«Tailerra esperientzia aberasgarria izango da, jende guztiarentzat irekia. Aukera ezin hobea da jakin-mina pizteko, gure herentzia kulturalaren ezagutza sustatzeko eta iraganarekiko lotura indartzeko», azaldu du, Espainiako Gobernuak bultzatutako Arkeologiari buruzko Europako Jardunaldien balioa azpimarratu ondoren, gure ondarearen garrantziaz sentsibilizatzeko plataforma baitira. Ekimena 2019an jarri zen abian. Helburua da arkeologia herritarrei hurbiltzea zenbait ikuspuntutatik begiratuta: lanbidea, zientzia… horrela, ondare arkeologikoarekin lotutako alderdi guztiak ikusaraziz eta parte-hartzea sustatuz.
Deja un comentario