Arantzazulab-ek sustatutako ‘Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat’ lana ikusteko aukera izango da apirilean eta maiatzean hainbat udalerritan. Pello Sarasuak zuzendua, Arantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa jaso duen ikus-entzunezkoa hau Artemanek ekoitzi du.
Dokumentalak euskal zinemetan barrena udaberrian zehar egingo duen ibilbidearen aurreneko saioa Donostiako Antzoki Zaharrean izango da, apirilaren 9an, arratsaldeko 19:00etan. Donostia Kulturak, Arantzazulab-ekin eta Artemanekin lankidetzan antolatua, hitzordua berezia izango da, izan ere, pasearen ostean solasaldirako tartea izango da Pello Sarasua zuzendaria, Naiara Goia (Arantzazulab-eko zuzendari nagusia) eta Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarraren partaidetzarekin. Apirilaren 2an jarriko dira gonbidapenak (doakoak) eskuragarri Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatilan, eta baita www.donostiakultura.eus atarian (11:30ean). Lana gaztelerazko azpidatziekin eskainiko da.
Hurrengo emanaldiak Oñatin izango dira (apirilaren 12tik 15era), eta sarrerak eskuratzeko aukera dago jada webgune honetan. Emanaldiez gain, herri-ekitaldi musikatua egingo da apirilaren 12an (19:00-20:45) herriko Santa Ana antzokian. Eñaut Elorrieta musikariak girotuko duen hitzorduan, dokumentala aurkeztuko die oñatiarrei Pello Sarasua zuzendariak, eta proiekzioa bukatu bezain pronto, solasaldia izango da Sarasua bera, ikus-entzunezkoan parte hartu duten eta Arantzazulab-eko kideen eskutik. Txantxiku Ikastolan egingo den mokaduak emango dio bukaera ekitaldi bereziari, Oñatiko Udala, Arantzazulab, Arantzazuko Frantziskotar Probintzia eta Arteman-en artean antolatua dagoena, eta Lana S. Coop zein Fagor Industrial etxeen babesa jaso duena. Bestalde, Oñatiko gainontzeko saioak (apirilaren 13tik 15era) herriko zineman izango dira aretoaren ohiko ordutegian. Halaber, maiatzean, Aretxabaletan (maiatzak 8), Soraluzen (maiatzak 15) eta Oiartzunen (maiatzak 16) ere eskainiko da lana.
Inoiz jaso gabeko ondare immateriala
Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua. Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz. Arantzazuko frantziskotarrek herriarekin duten lotura, egindako ekarpenak alor ezberdinetan eta hori beren espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera emateko, 70 minutuko dokumentala ondu da zazpi frantziskotar (Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Angel Txabarri, Manolo Pagola, Paulo Agirrebaltzategi) eta Arantzazurekin modu batean edo bestean harreman esanguratsua izan duten hainbat pertsonen testigantzekin (Joseba Intxausti, 1936-2023, dokumentala edizio fasean zela zendua; Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne Guridi).
Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioaren aktibitate nagusia demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntza laborategia bada ere – Arantzazuko ondarea sustatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatzea, dinamizatzea, kudeatzea eta koordinatzea ere fundazioaren egitekoa da. Hain justu, marko horretan kokatzen da dokumentala. Jakina da ondarea forma ezberdinetan aurkeztu ohi dela, baita era immaterialean ere, esate baterako, herri-testigantzen bidez, balio sozial eta historiko izugarria dituztenak. Fundazioak horiei erreparatu, eta frantziskotarren bizi-istoriok jasotzeko egitasmoa abiatu zuen.
Deja un comentario