Inicio » Idiomas » Euskera » Apirilean itzuliko da Koldo Mitxelena Kulturunera (Donostia) Mintza Lagun Diálogos zikloa
Hitzaldiak

Apirilean itzuliko da Koldo Mitxelena Kulturunera (Donostia) Mintza Lagun Diálogos zikloa

Ezagutzan, hausnarketa kritikoan eta eztabaidan sakontzeko antolatutako hiru saioetan lanaz, M-11ko gezurrez eta euskarazko itzulpenaz hitz egingo da

Foru Aldundiko Kultura departamentuak antolatutako Mintza Lagun Dialogos zikloaren saio berriak Koldo Mitxelena Kulturunera itzuliko dira apirilean Hiru jardunaldieekin. Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu du “Mintza Lagun Dialogos zikloarekin helburu bikoitza lortu nahi da: batetik, ziurgabetasunek, erronkek eta desafioek markatutako testuinguru kezkagarri bati erantzutea, eta, bestetik, herritarrei ezagutzan, hausnarketa kritikoan eta eztabaidan sakontzeko baliabideak eta espazioak ematea”.

Luis López Carrasco, Gonzalo Torné, Víctor Sampedro, Rafa Sainz de Rozas, Aloña Velasco, Idoia Santamaria, Maialen Berasategi eta Beñat Sarasola izango dira 3 saioetako hizlariak, lanaz, M-11ko gezurrez eta euskarazko itzulpenaz hitz egiteko.

Apirilaren 8ko lehen hitzaldian, Luis López Carrasco zinemagile eta idazleak eta Gonzalo Torné idazleak Carta desde el futuro: trabajo y utopia izeneko saioa eskainiko digute. Elkarrizketaren abiapuntua Luis López Carrascok idatzitako El desierto blanco eleberria izango da, 2023ko Herralde Eleberri Saria; alabaina, elkarrizketak liburuaren edukiak gaindituko ditu, lanaren prekarietateari, bizi garen munduari eta kapitalismo hiperkontsumistaren ankerkeriari buruz hausnartzeko.

Bigarren saioa, Los bulos del 11-M, mentira y polarización políticas, Víctor Sampedro, Rafa Sainz de Rozas eta Aloña Velascok gidatua, apirilaren 11n izango da, eta Madrilen 2004an izandako atentatu jihadistei buruz arituko da, gaur arte sarraski hari buruz zabaldu diren teoria konspiranoikoak jorratuz. Atentatu hark dinamika batzuk eta polarizazio politiko-mediatikoko sistema bat piztu zituen, gezurraren normalizazioa ekarri duena, abian dauden gerra kulturalen oinarrizko arma gisa. Hausnarketa horien abiapuntua Víctor Sampedroren Voces del 11-M. Víctimas de la mentira (Planeta, 2024) liburua izango da.

Azkenik, apirilaren 19ko saioan, Idoia Santamaria eta Maialen Berasategi itzultzaileak Euskaratzea izeneko eztabaidaren buru izango dira, Beñat Sarasola idazleak moderatuta. Hitzaldi horretan, ingelesa nagusi den ekosistemetan itzultzearen zentzua, zailtasunak eta lorpenak aztertuko dira. Gai materialei, literarioei eta estilokoei buruz hitz egingo da, etorkizuneko erronkak eta desafioak zeintzuk izango diren pentsatuz.
Saioak 19:00etan izango dira Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuan. Lehenengo bi saioak gaztelaniaz izango dira, eta azkena euskaraz.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Kutxa Fundazioa
Día mundial del retrete
Didoe