Inicio » Idiomas » Euskera » Aldundiko Diputatuen Kontseilua Ataungo Sara Etxean elkartu da, Euskararen Nazioarteko Egunean

Aldundiko Diputatuen Kontseilua Ataungo Sara Etxean elkartu da, Euskararen Nazioarteko Egunean

Urte luzez Joxe Miel Barandiaranen bizitokia izandakoan elkartu dira foru diputatuak. “Euskararen desafio zahar eta berriei elkarlanean ekiteko garaia da, elkar hartuz eta berrituz, aurrekoek egin zuten moduan” adierazi dute, Euskararen Nazioarteko Eguna 75. aldiz ospatzen dugun honetan

Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaldunontzat sinbolismo eta esanahi handiko gune batean elkartu dira Aldundiko foru diputatuak. Iparraldetik itzuli ondoren urte luzez Joxe Miel Barandiaranen bizitoki izandako Sara Etxean, Ataungo San Gregorio auzoan, egin dute gaur goizean Kontseilu ibiltaria. Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek bertan egin dute beren asteroko batzarra, non lurralde osoarekin zerikusia duten hainbat neurri eta erabaki onartu dituzten, ohikoa den moduan. Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna 75. aldiz ospatzen dugun honetan, euskararen biziberritzeko lanean jarri dute azpimarra.

“Sustraiko eraldatze sozialak eta teknologikoak bizi ditugu”, gogorarazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Horren lekuko, “adimen artifiziala gure eguneroko bizitzan hedatzen ikusten dugu eta euskal gizartearen aniztasuna ere areagotzen ari da”, aipatu du. “Bien bitartean, euskararen erabilerak ez du ezagutzaren pareko hazkunderik. Euskararen desafio zahar eta berriei elkarlanean ekiteko garaia da, elkar hartuz eta berrituz, aurrekoek egin zuten moduan. Etorkizuneko belaunaldiei zor diegun moduan”, adierazi du.

Hala dio Kontseilu ibiltarian foru diputatuek onartu duten erakunde adierazpenean, non erreferentzia egin dioten duela 75 urte Baionan, Eusko Ikaskuntzak sustatuta, ospatutako Euskararen Nazioarteko Egunari. Aho batez onartutako idatziak dioenez, hitzordu honen hasiera hartako sustatzaileak “euskararen atzerakadak eztenkatzen” zituen eta “euskal hizkuntza zaharra biziberritu nahiak akuilatuta mugitu ziren, ondo garai zailetan mugitu ere”. “Bazuten bisioa bide berriak identifikatu eta berritzeko; bisioa, identifikatutako desafioak elkarlanean gauzatzeko, beti zientzia oinarri hartuta”, gehitu dute.

Ordutik euskararen biziberritzean egindako ibilbideari balioa eman diote foru gobernuko kideek, “aurrera egin dugu euskal autogobernuak eskainitako tresnen, erakunde publikoen eta euskalgintzaren bultzadari esker”. Horregatik, ahalegin horretan egindako ibilbidearekiko eta zilegitasunez onartutako urratsekiko “errespetua” eskatu dute. “Herritarren borondatearekin bat etorriz egindako bidea da Gipuzkoako gizartea aitzindaria da euskararen aldeko lanean eta horren parte izan nahi du Aldundiak, gainontzeko euskal erakundeekin eta euskalgintzarekin elkarlanean”, aldarrikatu du Aldundiak.

Amaitzeko, gaur onartutako erakunde adierazpenaren bitartez, “ahalegin partekatu horretan ekiten” jarraitzeko konpromisoa berretsi du foru gobernuak. “Erakundearen funtzionamenduan euskaratik eta euskaraz jarduteko. Beti elkarlanetik, beti berrikuntzatik, gipuzkoar gizartean euskara eremu berrietara zabaltzeko eta guztion artean hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko”, laburbildu dute.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.