Gipuzkoako Foru Aldundiak baliabide berri bat jarri du abian: etxebizitza bat Txomin-Enea auzoan, desgaitasuna duten pertsonentzako bizitza independentearen eredua esperimentatzeko. Ireki zenetik, etxebizitzak hiru erabiltzaile hartu ditu, eta, laster, laugarren pertsonaren esperientzia hasiko da. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak instalazioak bisitatu dituzte gaur, eta, bisitan, aukera izan dute Elkartu entitateko kideekin, etxebizitzaren erabiltzaileetako batekin eta bertaratutakoekin biltzeko. Guztiak lanean aritu dira bederatzi hilabeteko proba pilotuan.
«Bizitza independentea esperimentatzeko etxebizitza» proiektua aurrerapausoa izan da Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak ezarritako bidean. Eredu honek pertsona horien bizimodu independentea bultzatu nahi du Gipuzkoan, aukera-berdintasunaren eta pertsona guztien inklusioaren aldeko apustua egiten duen lurralde baten esparruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako etxebizitzak 112.901 euroko aurrekontua izan du guztiz irisgarria izateko behar diren laguntzak eta domotika instalatzeko. Gainera, departamentuak hitzarmen bat dauka etxebizitza kudeatzeaz arduratzen den Elkartu entitatearekin, urtean 38.883,45 eurokoa.
Gazteen emantzipazioa eta etxebizitza bat lortzeko aukerak mintzagai eta arduragai ditugun honetan, Eider Mendozak ohartarazi duenez, “ezin gara ahaztu ezta ere bizitza independientea edukitzeko zailtasunak” dituzten beste hainbat herritar taldez, eta horien artean desgaitasuna duten pertsonak aipatu ditu. “Norberaren autoestimarako, errealizaziorako eta ongizaterako, norbere buruarekin ongi sentitu eta bizitza proiektu bat garatzeko, ezinbestekoa da modu independientean bizitzeko aukera izatea. Aukera horiek sortzeko baldintzak garatu nahi ditugu baliabide berritzaile honekin”, nabarmendu du diputatu nagusiak.
Bizitza independientera erabateko jauzia eman aurretik “aurreko estadio” funtzioa beteko du etxebizitza berritzaile honek, gisa horretan desgaitasuna duten pertsonek eurentzat berria den egoera bat “esperimentatu eta horretara egokitzeko parada” eskainiz, beti ere “zaintza pertsonalizatua, babesa, norbere intimitatea eta autonomiarekin” uztartuz. “Gizarte desberdintasunei aurre egin eta pertsona ororen ongizate integralean aurrera egiten duen lurraldea da Gipuzkoa. Eta, horretarako, bi oinarri ditugu gure lurraldean. Lehena, elkartu bezalako gizarte eragileekin elkarlan estuan jardutea, eta, bigarrena, gizarte desafioei modu berritzailean erantzutea”, gehitu du.
Etxebizitza erabat integratua, irisgarria eta baliabidez hornitua
Etxebizitza irisgarria da, eta autonomia pertsonala bermatzeko beharrezkoak diren baliabide teknologikoak eta laguntza-produktuak ditu. Horrela, erabiltzaileek aukera dute, aldi batean, bizimodu independentearen eredua esperimentatzeko, behar den laguntzarekin, bereziki laguntza pertsonalarekin, bai eta etorkizunean bizitza independenteko behin betiko proiektu baten bideragarritasuna bermatzeko behar diren aholkularitza eta esku-hartze sozialarekin ere.
Etxebizitzaren diseinu arkitektonikoa, laguntza-produktuen eta teknologiaren hornidurarekin batera, erabiltzaile guztiei irtenbide integral bat eskaintzeko pentsatu da, eta, gainera, pertsona bakoitzaren premia indibidualetara egokitzeko doikuntzak egiteko aukera eman du. Horrela, pertsona bakoitzak behar dituen laguntza teknikoak ezartzen dira, etxebizitza bere eskakizun espezifikoetara egokitzen dela bermatuz. Etxebizitzan bizi diren bitartean, erabiltzaileek beren ohiko bizimoduarekin jarraitzen dute, hala nola ikasketekin edo lan-jarduerekin, eta familia- eta gizarte-laguntzako sareari eusten diote. Alde bakarra da, egoitza batean edo familiaren etxean bizi beharrean, modu independentean bizi direla, laguntzaile pertsonal batekin.
Horrela, bizimodu independentea izan dezakete, eta eguneroko zereginez arduratzen dira, hala nola garbiketaz, arropa garbitzeaz eta janaria prestatzeaz, edozein etxetan gertatzen den bezala. Helburua da ebaluatzea nola garatzen den bizimodu independentea eta horrek dakartzan alderdi guztiak.
Erabiltzaileen profila
Proiektuak 2 hilabeteko hasierako epea du gaitasunak baloratzeko, premiak identifikatzeko eta behar diren baliabideak aktibatzeko (LPPE, bizitza independenterako laguntzak, laguntza teknikoak, etab.). Pertsona etxebizitzan instalatzen denean, egonaldia 4 hilabetekoa da, eta, ondoren, 6 hilabeteko jarraipena eta aholkularitza egiten da. Aldundiak eta Elkartuk uste dute epe horiek aukera ematen dutela bizimodu independentearen eredua eraginkortasunez ebaluatzeko.
Departamentuak eta Elkartuk batera aztertzen dituzte erabiltzaileen profilak, eta ez da koordainketarik aplikatzen.
Proiektu hau desgaitasun fisikoa eta erabakitzeko gaitasuna duten pertsonei zuzenduta dago, baldin eta egoera edo kontingentzia hauetakoren batetik badatoz: egoitza zentroetan bizi diren eta desinstituzionalizazio-prozesu baterako potentziala duten pertsonak; beren etxean bizi diren pertsonak, familia-ingurunetik arreta eta laguntza jasoz; atseden-baliabidea erabiltzen duten pertsonak, egoitza zentro batean aldi baterako egonaldia eginez; edo gerora sortutako desgaitasun fisikoa duten pertsonak, errealitate berri batera egokitzeko prozesuan daudenak.
Aipatutako profilak betetzeaz gain, proiektuan parte hartzen duten pertsonek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Gipuzkoan erroldatuta egotea; 18 eta 65 urte artean izatea, bizitza independenteko eta emantzipazioko proiektu baten oinarriak ezartzeko prest dauden gazteenei lehentasuna emanez; desgaitasun fisikoaren balorazioa % 33tik gorakoa izatea, desgaitasun handiagoa duten pertsonak lehenetsiz, bizitza independenteko proiektu bati ekiteko zailtasun gehigarriak dituztelako; eta gutxienez I. mailako mendekotasun-balorazioa izatea, mendekotasun-maila handiagoa dutenei lehentasuna emanez, bizitza independenteko proiektu bati ekiteko zailtasun handiagoak baitituzte.
Deja un comentario