Gipuzkoako Aldundiak Ate Irekien Jardunaldi berri bat eskainiko du etzi (larunbata, abenduak 29). Parte hartu nahi duenak Donostiako Gipuzkoako enparantzan dagoen foru jauregira hurbildu daiteke, han bisita gidatu bat egiteko. Izen emateak jauregian bertan, telefonoz (943-112111) edo emailen bitartez ([email protected]) egin daitezke.
Doan dira bisitak, eta gehienez 30 lagunez osatutako taldeetan antolatu dira, bai goizez bai arratsaldez, ordutegi hauekin: 10.00ak (euskara), 11.30ak (gaztelera), 13.00ak (bi hizkuntzatan), 16.00ak (gaztelera) eta 17.30ak (bi hizkuntzatan). Kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da.
Aldundiak antolatzen duen 5. Ate Irekien Jardunaldi berezia izango da, 2016. urtean ekimen hau martxan jarri zenetik. Asmoa dago hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuetan. 2.400 hiritarrek hartu dute parte lehenagokoetan.
Jardunaldi berezi horretaz harago, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera. Izan ere, bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei zein kolektibo ezberdinei zuzendua. Kasu guztietan, aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan.
Deja un comentario