Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak kudeatzen dituen dirulaguntza lerroen aurtengo deialdia onartu du gaur. Aldundiak bidali duen komunikatuaren arabera, hiru hauek dira sustatu nahi diren lan lerroak: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak; euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak; eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak. Guztira, 967.718 euro bideratuko ditu Aldundiak arlo honetara, pasa den urteko zuzkidura berdina.
“Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du”, azaldu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak. “Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz”.
Pasa den urtean, dirulaguntza deialdi honi esker, 140 proiektu finantzatzen lagundu zuen foru erakundeak, «betiere euskararen sustapenarekin lotutakoak». Lehenengo lerroan, euskara sustatzeko proiektu eta jardueretan, 39 elkarte lagundu ziren diruz, guztira 419.467 euro. Bigarrengoan, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planen kasuan, 73 udalek jaso zuten laguntza (325.001 euro). Hirugarrenean, 28 eragileri lagundu zitzaion diruz (212.250 euro). “Orokorrean, ekimen hauen guztien oso balorazio positiboa egiten dugu eta horregatik, dirulaguntza deialdi honek jarraipena izango du aurten”, nabarmendu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak.
Deja un comentario