Diputatuen Kontseiluak lehen sektorea bultzatzeko dirulaguntzen deialdi bana onartu du gaur, 4,5 milioi euroko balioarekin: muga naturalak edo beste muga espezifiko batzuk dituzten eremuei dagozkienak, 3 milioiko zuzkidurarekin; eta nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoei, klima-konpromisoei eta bestelako kudeaketa-konpromisoei dagozkienak, 1,5 milioiko zenbatekoarekin. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, «gure baserritarrak eta egiten duten lana funtsezkoak dira gure ekonomia, gizarte, ingurumen eta lurralde oreka lortzeko, eta etorkizun jasangarria bermatzeko. Sektorea eraldatzeko ekimenak bultzatzeaz gain, orain arte egindako laguntza-politikek jarraipena izan behar dute».
Bi kasuetan, laguntzen eskabideak aurkeztu beharko dira deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik hasi eta 2024ko apirilaren 30era arte (biak barne). Laguntzen eskabideak nekazaritza ustiategiaren kokapenari dagozkion eskualdeko nekazaritza bulegoetan edo https://npb-pac-2023.nekanet.net web-atariaren bidez egin ahal izango dira, atari horretara ziurtagiri digitalaren bidez sartuta. Iaz, 627 baserritarri lagundu zitzaien lehenengo laguntza lerroaren bidez, eta 626 baserritarri bigarrenaren bidez.
Berasaluzek azpimarratu duenez, baserritarrak «ezinbesteko eragileak dira gure garaiko erronkei aurre egiteko, hala nola klima aldaketaren aurkako borrokari, berotegi efektuko gasen emisioen murrizketari eta CO2 xurgatzeari.
Deja un comentario