Inicio » Idiomas » Euskera » Aldundiak 221.065 euro bideratu ditu industria enpresetan zibersegurtasuna sustatzera
Laguntzak

Aldundiak 221.065 euro bideratu ditu industria enpresetan zibersegurtasuna sustatzera

Foru Aldundiak Gipuzkoako industria enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programari dagozkion diru laguntzak eman ditu, eta guztira 221.064,93 euro xedatu ditu horretara.

Foru Aldundiak Gipuzkoako industria enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programari dagozkion diru laguntzak eman ditu, eta guztira 221.064,93 euro xedatu ditu horretara.

Lehen deialdia 2018an egin zen eta balorazio ona izan zuen; oraingo honetan 24 enpresak garatutako 27 proiektuk jaso dute laguntza, direla enpresa traktoreek egindakoak –Ampo, Fagor edota Orona–, direla enpresa txiki eta ertainek egindakoak. «Zibersegurtasuna gure industria ehunaren lehiakortasun faktore garrantzitsuetako bat da, eta etorkizunean are garrantzitsuagoa izango da; beraz, hainbat esparrutan eragiten jarraituko dugu eraldaketa prozesu honek aurrera egin dezan laguntzeko», adierazi du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Programak hiru laguntza lerro ditu; horietako lehena Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna indartzeko da, eta 117.147,43 euro bideratzen dira horretara. Diputatuak argitu du enpresa guztiek ez dutela «kontzientziazio maila bera, ezta planifikazio eta baliabide maila bera ere» segurtasuna indartzeko orduan, eta, horregatik laguntzen deialdia egoera bakoitzera egokitzen dela.

Bigarren lerroak izaera teknikoagoa/kualitatiboagoa du, eta zibersegurtasunaren arloko ikerketa eta garapen esperimentala bultzatzen ditu Gipuzkoako enpresentzat. Kasu honetan, bi konpainia dira onuradunak –Countercraft eta HDIV Security–, eta horien proiektuetarako 42.846 eta 33.420 euroko aurrekontuak xedatu dira, hurrenez hurren.

Programaren hirugarren lerroa zibersegurtasunaren arloko sentsibilizazioa eta gaikuntza sustatzera bideratuta dago; alde batetik, hedapen, sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak barne hartzen ditu, eta, bestetik, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko jardueren diseinua eta garapena.

Zibersegurtasun industrialaren sektorea hazkunde esponentzialeko fasean dago, eta diputatuak nabarmendu duenez, Gipuzkoak, «pribilegiozko posizioa» izateko «osagai guztiak» ditu: nazioartean punta-puntan kokatutako zibersegurtasun enpresak, ibilbide ezaguneko teknologia eta ikerketa zentroak, balio teknologiko handiko start up-ak, eta «digitalizazioaren aldeko apustu garbia» egiten duen industria.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Día mundial del retrete
Didoe
Kutxa Fundazioa