Hogeita hamar bat enpresaren parte-hartzea izan zuen aurreko edizioaren arrakastaren ondoren, ADINBERRIk Silver Economyn Gaitzeko Programaren bigarren edizioa abiarazi du. Izen ematea oraindik zabalik duen programa horren bidez, erakundeak sentsibilizatu nahi dira eta gogoeta egiten, edo, hala badagokio, beren produktua/zerbitzua hazkunde-potentzial esponentziala duen ekonomia horrek eskaintzen dituen aukeren aurrean kokatzen lagundu nahi zaie.
Izan ere, Europako Batzordeak aurreikusten duenez aurten Silver Economy izenekoa EBko BPGaren % 32a izango da eta 88 milioi lanpostu sortuko ditu, enpleguaren % 38a, alegia, kontuan hartuta 2050erako biztanleriaren ia % 50a 55 urtetik gorakoa izango dela. Biztanleria-segmentu horren erosteko ahalmena batez bestekoa baino % 12 handiagoa da.
Beraz, bizitza luze berriak irekitzen dituen aukera ekonomiko eta negozio aukera berriez jabetuta, ADINBERRIk bere inguruko enpresa sareari laguntzea du helburu, haiekin batera merkatu horretara dibertsifikatzeko aukerak aztertuz. Besteak beste, eskariaren beharrei eta portaerari buruzko ezagutza espezializatua eskainiko zaie, eta beste prestakuntza modulu batzuen bidez beraiekin batera egingo da lan, modu pertsonalizatuan.
Programa enpresei, ekintzaileei, startupei eta merkatu horrek hainbat arlotan eskaintzen dituen aukeretan interesa duten profesional guztiei dago zuzenduta. Arlo horien artean daude pertsonen ongizateari aplikatutako teknologiak, telelaguntza prediktiboko zerbitzuak, etxeen eta hirien egokitzapena, erakundeetako adinaren kudeaketa, arreta eta zaintza eredu berriak, finantza plangintza edo turismoa, besteak beste.
80 orduko iraupena duen programak 3 bloke izango ditu: enpresaren eta haren produktuaren edo zerbitzuaren autodiagnostikoa; moduluen ad-hoc konbinazioaren bidez autodiagnostikoan hautemandako beharren araberako prestakuntza-plana; eta merkaturako balio-proposamena asmatzeko edo hobetzeko laguntza pertsonalizatua. Apirilaren 29an, 10:30etik 12:30era, Gipuzkoako Ganberan, aurkeztuko den prestakuntza ekainaren amaieran bukatuko da. Gainera, uztailaren 10ean egingo den amaiera jardunaldian diplomak banatuko dira eta inspirazio hitzaldi bat ere emango da.
ADINBERRIk diruz lagundutako gaikuntza-programan izena emateak 60 euroko kostua du, eta plazak mugatuak dira. Izena emateko epea zabalik dago oraindik esteka honetan: https://www.camaragipuzkoa.com/eu/jarduera-guztiak/ekitaldiaren%20zehaztasunak/7625/posizionatu-eta-egokitu-zure-enpresa-silver-merkatura?filter_reset=1
Deja un comentario