Inicio » Idiomas » Euskera » 250 zuhaitz autoktono landatu berri, Gabonetako Azokaren emisioak konpentsatzeko

250 zuhaitz autoktono landatu berri, Gabonetako Azokaren emisioak konpentsatzeko

Martxoan Larres parkean landatutako zuhaitzek iazko Gabonetako Azokaren emisioak konpentsatuko dituzte eta inguruko biodibertsitatea berreskuratzen lagunduko dute

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua Larres parkean landatu diren 250 espezieak (haritzak, urkiak, hurritzak, lizarrak, astigarrak…) ikustera joan dira. Donostiako Altza auzoko Tomasene inguruetan landatuta, zuhaitz horiek Donostiako Gabonetako Azokaren emisioak konpentsatuko dituzte.

Donostiako Udalak eta Donostia Sustapenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin elkarlanean, 2023-2024ko Gabonetako kanpainan isuritako karbono aztarnaren neurketa egin zuen, bi helbururekin: Donostiako Gabonetako Kanpainaren emisioak murriztea eta konpentsatzea, eta, 2030ean klimatikoki neutroa izango den kanpaina batez gozatzea.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Bertako Enplegurako zinegotziaren ustez, Donostiako Udalak eredu izan behar du emisioen murrizketa eta konpentsazioa lortzeko konpromisoarekin, kasu honetan, urte gutxi barru ingurumenaren aldetik iraunkorra izango den Gabonak lortzeko helburua ezarriz. Gainera, horrela, urrats txiki bat egiten dugu gure betebeharrean, inguruneko inpaktua murrizteko, jarduteko modua aldatuz, Gabonak neutroak izan daitezen”.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak lortutako eraldaketaren balioa nabarmendu du, amiantoak kaltetutako eremu batetik baso autoktono oparo batera egindako aldaketa erradikala azpimarratuz, «airearen, lurzoruaren eta biodibertsitatearen kalitatea nabarmen hobetzen duena». Era berean, foru arduradunak nabarmendu du erakunde publikoek «eredugarri» izan behar dutela «ingurumenari mesede egiten dioten
ekintzak sustatzeko». Asensiok azpimarratu duenez, «ezinbestekoa da edozein ekimenetan ingurumen-inpaktua kontuan hartzea, karbono-aztarna kuantifikatzea, murriztea eta konpentsatzea ezinbesteko baldintza baita proiektuak eta jarduerak planifikatzeko».

Neurketa egiteko erabilitako metodologia ISO 14064/2019 arauan oinarrituta zegoen, horixe baita ezarritako araua jardueretan edo ekitaldietan izaten diren emisioak neurtzeko.

Kalkuluak 70 tCO2-ko emaitza eman zuen, hau da, Donostian urtebetean sortzen diren emisioen % 0,01; edo, bestela esanda, 15 donostiarren urtebeteko emisioak edo Donostiatik Madrilera hegazkinez egindako 50 hegaldiren baliokidea.

Isuriak murrizteko eta konpentsatzeko estrategia bati ekin ahal izateko, eman beharreko lehen urratsa karbono aztarna kalkulatzea da. Ildo horretatik joz, Donostia Sustapenak, Jasangarritasun Departamentuak abian jarritako Borondatezko Karbono Funtsaren bitartez, Gabonetako Azokaren emisioek sorrarazten duten 32 tCO2-ko inpaktua konpentsatu nahi izan du 250 zuhaitz horiek landatuz.

Naturagune egokitu batean zuhaitzak landatzeak lagundu egingo du inguruko biodibertsitatea berreskuratzen eta lurraldeko azpiegitura berdea hobetzen. Gainera, karbonoaren finkatze maila areagoturik klima aldaketaren ondorioak murriztu, lurzorua kontserbatzen lagundu eta itzalgune berrien sorrera ahalbidetuko du.

Etorkizunari begira, helburua da 2030. urtean zero emisiodun Gabonetako Azoka bat lortzea eta Donostiako Gabonak klimatikoki neutroak izatea. Horretarako, Donostia Sustapenak erabiliko duen jarduera-planak bi konpromiso batzen ditu: karbono aztarna murrizteko hainbat neurri martxan jartzea eta murriztu ezin diren emisioak konpentsatzea.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.

DBUS
Ekin
Kutxa Fundazioa
Didoe
Día mundial del retrete